(argazkia: Tabakalera)

‘Databasak’ lelopean, Feministaldia abian da Donostian

Solasaldiak, bertso saio elektronikoa, hitzaldiak, kontzertuak, performanceak, DJak eta festa izango dira nagusi aurtengo edizioan. 

Feministaldiaren hogeigarren edizioa abian da Donostian. Azaroaren 29ra bitartean, Databasak lelopean, hainbat gai jorratuko dira, hala nola, “mundu mailan ematen ari den gorakada faxista eta patriarkalaren analisia”. Izan ere, “sarean ere bere isla bortitza erakusten du eta horren kontra-errelatoak mahaigaineratzeak duen urgentziaz hitz egitea premiazkoa da”, nabarmendu du antolakuntzak. “Datuen objektibotasunaren diskurtsoa zalantzan jarri eta irakurketa feminista, antiarrazista eta queerrak ekarriko dira gurera, munduaren ikuskera ez algoritmiko baten alde elkarrekin pentsatzeko jaialdia izango delarik”.

Arabako Azala kreazio espazioan hasi zen lanean Feministaldiko lantaldea aurtengo udaberrian, 20. edizioa prestatzen, eta Tabakalera eta Kontadores zentroekin elkarlana mantendu dute aurten ere; baita Dabadaba aretoarekin ere.

Burujabetza digital eta teknologikoa sustatzeko asmoa ardatz hartuta, 45 bat artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok osatu dute Databasako gonbidatuen zerrenda. Nabarmentzekoak dira, besteren artean, SpiderAlex eta Maider Likona ciber-ekintzaileak, Laia Estruch artista eta performerra, Laurence Rassel komisarioa, Sahatsa Jauregi artista eta eskulturagilea eta Lastesis kolektibo feminista. Baita Kazetaritza feminista eta antiarrazista. Betoak, irainak, erantzunak mahai-inguruan parte hartuko duten Zuriñe Rodriguez, Maider Galardi eta Laura Arroyo kazetariak ere.

Antolakuntzak elkartu eta disfrutatzeko espazioak sortzeari garrantzia eman nahi izan dio eta, horregatik, hilaren 26an eta 27an Kontadores Gazte Zentroan antolatutako mahai-inguru eta solasaldiez gain, arlo praktikoari garrantzia emango dion elkartrukerako espazioa ere eskainiko du.

Azaroaren 28an eta 29an, berriz, Tabakalerara mugituko dira, bertako Patioan eskaintza anitza egongo baita bi egunez. Ostiralean, hilak 28, hitzaldi, solasaldi eta performance bana izango dira 18:00etatik aurrera- Larunbatean, berriz, performance, hitzaldi, tarot, musika, kontzertu eta festarako prestatzeko “tuneatzeko” aukera izango da.

Dabadaba aretoan emango zaio amaiera jaialdiari Selektora Ichma, Makeda eta Ines DJekin eta VJ set FeminxstProjection.Party ere izango dira.

Laura Muelas eta Leire San Martin izan dira, edizio honetan ere, jaialdiaren antolatzaileak. Bikotearekin batera aritu da prestaketa lanetan ondorengo lantaldea: Miren Jone Lizarzaburu, Yuan Yuan Zhou, Anais Cordova-Paez, Idoia Zabaleta, Gerezi Jauregi Cajaraville, Laida Zapre eta Ane Lusarreta.

Emanaldiek sarrera librea izango dute, edukiera bete arte. Gainera, emanaldien jarraipena egiteko aukera egongo da bai sare sozialen bidez (Instagram: @feministaldia; Facebook: @facebook; Telegram: Feministaldia) baita Feministaldiko webgunean ere: www.feministaldia.eus.

Zabaldu:

Utzi erantzuna