Asteazkenetik aurrera ‘Kaka’ antzezlana 24. Korrika kulturalaren ikuskizun nagusia izango da

Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak zuzendutako obra Korrika-AEKren II. Sorkuntza bekaren irabazlea izan zen iaz. Estreinako emanaldia Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, 19:30ean.

Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka jaso zuten pasa den urteko maiatzean Kaka izeneko proiektuarekin. “Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, eta kaka existitzen ez den mundu batean, herri bateko plazan kaka mokordo bat agertuko da. Thriller-komedia bat da, eta pixkanaka joango gara deskubritzen zergatik ez den kakarik egiten, zer gertatu den”, azaldu dute antzerkigileek.

Hala, hain tabua den gai hau aitzakiatzat hartuta, beste hainbat tabu eta konplexuez hitz egiten duen antzezlana izango da Kaka. “Komedia honetan, ikusle oro sentituko da islatuta, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo, ganberro, jostari bezain probokatzailean agerian jarriko dira”, adierazi dute.

Taula gainean Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain eta baita Olaizola eta Agirrezabala ere ikusiko ditugu.

Antzezlana 24. Korrika kulturalaren ikuskizun nagusia izango da eta asteazkenean, hilak 19, izango du estreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko 19:30ean. Azaroaren 21ean, berriz, Zumaian ikusteko aukera egongo da eta azaroaren 23an, Azpeitiko Soreasu antzokian. 2026ko apirilera arte Euskal Herriko hainbat txokotan ikusteko aukera egongo da. Agenda osoa ikusteko, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna