Lehen saria Karmele Mitxelenarentzat izan da 'Armiarma-sarea' ipuinari esker (argazkia: Kultur Sharea)

Karmele Mitxelena, Jon Abril eta Aitor Salegi dira Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako saridunak

Sari banaketa ekitaldia hilaren 24an, astelehena, izango da, 19:00etan Zumaiako Oxford aretoan; ondoren, Esne-berriketan bertso-saio literarioa eskainiko dute Uxue Alberdik eta Amorantek.

Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, Zumaiako Udalak martxan jarritako Julene Azpeitia ipuin lehiaketak baditu irabazleak. Hil honen hasieran bildu zen epaimahaia lan irabazleak aukeratzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aurten 54 lan aurkeztu dira, iazkoaren antzeko kopurua.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanen artean, epaimahaiak honako hauek aukeratu ditu: lehen saria, 3.000 eurokoa, Karmele Mitxelena Etxebestek irabazi du Armiarma-sarea ipuinari esker. Karmele lagun zaharra du lehiaketa honek, lehenago ere saritua izan baita. Boladan dago, gainera, 2025eko Euskadi Literatura Sarietako bat irabazi berri duelako. Berak aurkeztutako ipuina iradokitzailea dela iritzi dio epaimahaiak, “gaurkotasun handiko gaia lantzen du, tratu txarrak, eta oso ondo islatzen du protagonistaren egoera, ezkutukoa eta bakardade handikoa. Isiltasun latente bat dago ipuinean oihartzun handia egiten duena”.

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Jon Abril Olaetxeak irabazi du Maximinaren txurroak izeneko ipuinarekin. Nafarreraz idatzitako ipuin honetan pertsonaiaren deskribapena nabarmendu du epaimahaiak, “xehetasun handiz eta ondo eraikia” dagoelako. “Umore puntu bat ere badu lanak eta irakurlea harrapatu egiten du”, gaineratu dute.

Azkenik. Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, berriz, Aitor Salegi Martijarentzat izan da Parentesiak eta pareen tesiak ipuinagatik. “Santelmoetan girotuta dagoen ipuin honek oso ondo deskribatzen du jai giroa, zumaiarrez egindako elkarrizketek ematen dioten freskotasunari eta idazkeraren erritmo biziari esker”. Amaiera ematen ere jakin duela esan du epaimahaiak.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 24an izango da Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Ondoren, Esne-berriketan bertso-saio literarioa eskainiko dute Uxue Alberdik eta Amorantek, Oihana Iguaran eta Maddi Ane Txoperenaren laguntzarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna