(argazkia: Udalbiltza)

Geuretik Sortuak egitasmoarekin sortutako ‘Zazpikiak bat’ komiki bilduma kalean da

Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai Hankabako, Asier Iturralde Gaston, Eñaut Aiartzaguena, Eneritz Ibarra eta Amane Apalategi dira bilduma osatu duten komikigileak.

Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioaren emaitza da Zazpikiak bat komiki bilduma. Komikigile bakoitzak esleitu zitzaion herrian sormen egonaldia egin du urtean zehar, bertako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko, sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikiz. Horrekin, zazpi ataleko lana osatu dute azkenik.

Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek azaldu duenez, “Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak”.

Lekunberri, Larraun, Araitz eta Beteluko Neskato onei buruz aritu da Uxue Bereziartua bere lanean; Usue Egiak Zeruaren erdian kontakizuna ondu du Legorretan, bi hegaztiren bidez herrietako genero-disidentzien bizipenak plazaratuz; Patrizia Etxegarai Hankabakok Ziortza-Bolibarren etxea uzteari buruzko istorioa sortu du; Mutrikuko Gastronomika landu du Asier Iturralde Gastonek, historiatik gure sukaldeetara datorren saiakera grafikoan; Eñaut Aiartzaguena Ataun eta Etxarri-Aranatz artean aritu da 1936ko estraperloari buruzko kontakizuna lantzen Legez kanpo komikian; Eneritz Ibarrak Atharratzen sortu du Begi hütsez ezin ikusi lana, herrian agertutako mezu misteriotsu batzuetatik abiatuta; azkenik, Amane Apalategik Euskara eta gu lana egin du Hernanin, euskararekiko harremanei buruzkoa.

Zazpi estilo eta kontaera oso ezberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotu dira lan bakarrean. Dijitalidadea aritu da edizio-lanetan, eta Alots Arregik egin du azala.

Zabaldu:

Utzi erantzuna