Parte hartu nahi dutenek abenduaren 5era arte izango dute epea zabalik.
Hamargarren urtez jarraian, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, Biko-teka ilustrazio- eta narrazio-lantegia antolatu du, 2026ko urtarrilaren 26tik 30era bitartean. Euskarazko ilustrazio- eta narrazio-lantegiak liburu grafiko bat edo haurrentzako album bat sortzea du helburu, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuta. Izen-emateak abenduaren 5era arte egongo dira zabalik eta administrazioa@ibbygaltzagorri.eus helbide elektronikora idatzita egin beharko dira.
Lantegian zortzi bikotek hartuko dute parte: ilustratzaile batez eta idazle batez osatutako bikoteak izango dira, eta elkarlanean arituko dira 37 orduz, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Izen-emateak bikoteka edo bakarka egin daitezke, eta bakarka izena ematen dutenek geroago osatuko dituzte bikoteak. Izena emateko epea amaitu ondoren, Alonsok eta Canok hautatuko dituzte parte-hartzaileak, eta horretarako, aurretik bidali behar dituzten lanen kalitatea hartuko dute kontuan. Hautatutako artistei 2025eko abenduaren 16a baino lehen jakinaraziko zaie lantegian parte hartuko dutela.
Egitasmoan parte hartu nahi dutenek honako datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, NANa, curriculuma, helbide elektroniko bat eta telefono-zenbakia.
Ilustratzaileei dagokienez, proiektu bereko hiru ilustrazio aurkeztu beharko dituzte, argitaratuak edo argitaratu gabeak, eta irudiek kate bat sortu beharko dute; idazleek, berriz, gehienez ere orrialde bateko testu labur bat aurkeztu beharko dute, argitaratua edo argitaratu gabea, haien lana ahalik eta hoberen islatuta. Bikoteka aurkeztuko direnek euren proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute.
Biko-teka egitasmoaren helburuen artean daude haurrei zuzendutako euskarazko albumen sorkuntza sustatzea eta ilustratzaile eta idazleak elkar ezagutu eta taldeka liburu grafiko bat sortzeko behar diren lan-dinamikak ikastea.
Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek www.ibbygaltzagorri.eus webgunera jo, galtzagorri@ibbygaltzagorri.eus helbide elektronikora idatzi edo 943 471 487 telefonora deitzen ahal dute.
Urtero, euskal literatur-sistema bertatik bertara ezagutzen duten pertsonek bisitatzen dute lantegia. 2026ko lantegia hauek bisitatuko dute: Uxue Razkin editoreak (Erein) eta Tupust! kolektiboko Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga sortzaileek.
Halaber, proiektu hau haurrentzako album irudidunen Etxepare sariaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker egiten da.