Idazle bizkaitarrak Toure detektibearen saga aurkeztu, eta azokako hainbat jardueratan hartuko du parte abenduaren 1etik 3ra bitartean.
Jon Arretxe idazlea alde batetik bestera dabil azkenaldian, egun batzuk dira Txerriak eta loreak (Erein) eleberria Donostian kaleratu zuela eta dagoeneko Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) dago. Asteazkenera arte hartuko du parte bertan, ostiraletik aurrera, berriz, Durangoko Azokako Landako gunean ikusiko dugu-eta.
FIL liburugintzaren alorreko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da eta iberoamerikar letren hitzordu nagusia. Urtero ehunka idazle eta milaka profesional biltzen dituen azoka hau azaroaren 30etik abenduaren 7ra egingo da Mexikoko hiri horretan. Aurtengo edizioan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, Jon Arretxek bere lana aurkeztu, eta programa ofizialeko hainbat jardueratan hartuko du parte.
Gaur, astelehena, egileak Toure detektibea protagonista duen saga ezaguna aurkeztuko du; hamaika liburuk osatzen dute saila, eta arrakasta handia izan dute bai kritikaren bai irakurleen artean. Mahamoud Toure afrikar etorkin paperik gabea Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da, eta aurrera egiteko iragarle, abeslari edota detektibe lanak burutzen ditu. Begirada kritikoarekin, umorearekin eta gizatasun handiz, pertsonaiak bazterkeria, arrazakeria, indarkeria, prekarietatea edo polizia ustelkeriak zeharkatutako istorioei egiten die aurre.
Bihar, abenduak 2, Arretxek ikasleei zuzendutako topaketa batean parte hartuko du, FIL Joven: Ecos de la FIL programaren baitan. Abenduaren 3an, berriz, La ruta de una crónica de viaje mahai-inguruan izango da, Joseph Zarate (Peru) eta Ignacio Piedrahita (Kolonbia) idazleekin batera. Mintzaldi horretan, egileek bidai-literaturak nola ahalbidetzen duen urruneko lurraldeak eta bidean bizi izandako esperientziak ezagutzea izango dute mintzagai, eta nola eraldatzen duen idazlearen eta irakurlearen begirada. Halaber, beste tokiei buruz idazteak dakartzan erronka etikoak, narratiboak eta pertsonalak jorratuko dituzte.