Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egiten den lanari egin nahi izan dio gorazarrea.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako aste gutxi batzuk falta direnean, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egiten den lanari egin nahi izan dio gorazarrea. Hortxe egin baitu beharrik gehien Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, 1958): astero bertsolaritza irakatsi baitu herrietako ikastetxeetan, Mundu bat bertso programaren bitartez.
Plaza 2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte behar horretan aritu da. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.
Gizaburuagakoak “garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak… Kasu guztietan ederto moldatu da”, adierazi du elkarteak. Plazaren esanetan, “bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko; baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako”.
Bertsozalek gaineratu duenez, “bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea ez ezik, euskararekiko jarrera positiboa indartzea ere izan du helburu Arantzak. Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena”.
Hezkuntza arautuaz gain, elkarteko beste proiektutan ere egin du bere ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio beharretan.
Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak. Bizkaiko Txapelketetan boluntario beharrak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. “Laneko erretiroa hartu badu ere, oso lotuta jarraitzen du bertso munduari, eta esan beharra dago lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dutela”.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan.