Asteburuko Bor-bor lantegi irekiek egutegi berezia izango dute abenduko zubian, hilaren 6an, 7an eta 8an egingo baitira saioak.
Gasteizko Artium Museoak familientzako eguberrietako jarduera-programa aurkeztu du. Besteak beste, Arene Onaindia mimoaren emanaldia, lantegi irekiak eta ikusle guztientzako goizeko zinema-saioak eskainiko ditu museoak.
Abenduko zubiarekin bat eginez, gainera, museoak igandeetako Bor-bor lantegien egutegia indartu du, eta abenduaren 6an, 7an eta 8an egongo dira saioak. Gabonetako jardueren proposamen berezia abenduaren 13an hasiko da, larunbatarekin. Arratsaldeko bostetan, hilean behingo amarauna saioa izango da. Oraingoan, Arene Onaindia mimoak bere pantomima ikuskizuna aurkeztuko du: Le nouveau menu du chef. Honetan, sukalde-laguntzaile batek errezeta bat prestatuko du, baina ez zaio uste bezala aterako. Trama eratzen duten hiru pertsonaiak antzeztuko ditu Onaindiak, haien gorpuztasunarekin eta izaerarekin jolastuz. Le nouveau menu du chef ikuskizuna 8 urtetik gorako ikusleentzat da egokia. Sarrera librea izango da eta tokia hartzea komeni da, telefono-zenbaki honetara deituta: 945 20 90 20.
Gasteizko museoak, bestalde, lantegi irekien programa bat antolatu du gabonetarako: Ikusezinak ehuntzea. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua; betiere, heldu batekin etorri behar dute. Hariekin, koloreekin eta inguruko eta lorategiko materialekin jolas eginez, joskintza batzeko, konpontzeko eta eraldatzeko topagune bihurtuko dute lantegia. Partaideek hostoak, loreak, oihalak, marrak… erabiliko dituzte josteko, eta eskuei ideiak, emozioak eta kezkak moldatzen utziko diete. Lantegiak abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra egingo dira, goizez eta arratsaldez. Sarrera librea izango da eta ez dago aldez aurretik tokia hartu beharrik.
Horrez gain, Artiumek Neguan matinée jarriko du martxan gabonetan, adin guztietako ikusleentzako goizeko zinema-saioen programa bat da, genero eta proposamen zinematografiko zainduak biltzen dituena. Programa abenduaren 27an inauguratuko da, larunbatean, Sagarrondoko ipuin misteriotsuak filmarekin (David Sukup, Patrik Pašš, Leon Vidmar eta Jean-Claude Rozec, 2025). Urtarrilaren 3an Tximinoen Izarra (Linda Hambäck, 2021. 75 min) proiektatuko da, euskaraz; eta urtarrilaren 10ean, Buenos días mundo (Anne-Lise Koehler & Eric Serre, 2019. 61 min), gaztelaniaz. Neguan matinée gabonetan hasiko da, baina martxora bitartean eskainiko ditu saioak, larunbatero, 12:00etan. Haurrek heldu batekin etorri beharko dute, eta ez da aldez aurretik izena eman beharrik.
Amaitzeko, Raisa Alava artistak museoko bisitari gazteenentzako irakurketa-gunean egindako Nomen Omen horma-irudia aurkeztu berri du museoak. Gune hori artea irakurketaren, sormenaren eta ikaskuntzaren bidez bizitzeko toki bat da. Izan ere, eskuragai dauden argitalpenek abenturak bizitzera, askotariko munduak esploratzera eta, jardunbide artistikoetara hurbiltzera bultzatzen dituzte irakurleak. Irakurketa-gunea museoaren ordutegi berean egongo da irekita, eta sarrera doakoa izango da.