Uda honetan Duranako Gakobeltz estudioan grabaturiko lau kantu berri eta taldearen ibilbidean zehar diskoetatik kanpo plazaraturiko beste sei abesti biltzen ditu lan berriak. Abenduan zehar, bost kontzertuko bira berezia ere antolatu dute kantu berriak zuzenean aurkezteko.
Sei urte diskorik argitaratu gabe egon ondoren, Izaki Gardenak taldea indarberriturik bueltatu zen iaz Orube izeneko lanarekin. Berpizte hori aprobetxatuta, oraingoan Duranako Gakobeltz Hit Faktoriara jo dute lau kantu berri grabatzeko.
Horietako bi, Sitsak eta Ausartenak, sorkuntza berriak dira. Beste biak, berriz, bertsioak. Jon Basaguren taldekideak bakarka jotzen zituen pieza horiek orain arte, baina taldean grabatu dituzte orain Hamahiru (Glenn Danzig-en Thirteen) eta Herio (Rev. Gary Davis-en Death Don’t Have No Mercy) izenekoak. Nabarmendu dutenez, hitzak eta musikak askatasun osoz moldatu dituzte.
Horretaz gain, 2017tik hona diskoetatik kanpo argitaratutako beste sei kanta ere bilduma berrian jaso dituzte. Tartean, pandemia garaian plazaratutako Oasia eta Benito Lertxundiren Bihotz kantaren moldaketa.
Lan berriak binilo eta CD formatuetan ikusi du argia. Taldekideentzat Sitsak ez da bigarren mailako argitalpen bat, eta argi erakutsi nahi izan dute hori diskoari eskaini dioten edizio landuarekin. Libe Kortazarrek egin du diseinua. Spotify-en izan ezik, hainbat plataforma digitaletan entzungai dago jada.
Abenduko bira laburra
2025ean Orube diskoa aurkezten 30 kontzertutik gora eskaini dituzte, baina zuzeneko gogoz jarraitzen du taldeak. Abenduan, beraz, kantu berriak agertokietan entzuteko aukera egongo da: abenduaren 14an Gernikan izango dira; 18an, berriz, Arrasaten, 19an Alegiara egingo dute jauzia, 26an Gasteizera eta 27an Donostiara.
Herio abestiaren bideoklip berezia
Blues zahar baten moldaketa da abestia, eta hitzak ere moldatuta dakartzate. Kanta honekin gogora ekarri nahi izan dute 1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan poliziak egindako sarraskia, eta bertan grabatu dute bideoa, gertaeren erdigune izan zen elizan, hain zuzen.