(argazkia: EHU)

Gatibu taldeak EHUko ikasleek sortutako gitarrarekin itxiko du ‘Agur Esan Barik’ bira, larunbatean

EHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako ikasleek bi hilabete eskasean diseinatu eta ekoitzi dute taldearentzat beren-beregi egin duten gitarra elektrikoa. Haimar Arejita gitarra-jotzaileak eskertuta eta hunkituta jaso du gaur ikasleen eskutik.

Datorren larunbatean, hilak 13, Gatiburen Agur Esan Barik birako azken kontzertua izango da, talde bizkaitarrarentzat, beraz, egun berezia izango da, baina baita Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko ingeniaritza eskolarentzat ere. Bertako ikasleek sortu dute,  oso denbora gutxian, egun berezi horretarako gitarra elektrikoa, Guitar STREAM programaren baitan.

Proposamena EHUren eskutik sortu da eta Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak eskerrak eman dizkie ikasleei, Gatibu taldeari eta Jabi Elortegi zine zuzendariari proiektuari baietz eman izanagatik. Izan ere, “erronka bikoitza izan da; Gatibuko Haimar Arejitak ikasleek sortutako gitarra jotzeko eskaintza onartzea, batetik; eta EHUko ikasleek hain denbora laburrean proiektua gauzatzea, bestetik. Harro egoteko modukoa da gure ikasleek lortu dutena eta horren lekuko izango dira ez bakarrik azken zuzenekoaz gozatzeko aukera izango dutenek, baita taldeari buruz egiten ari diren dokumentala ikusiko dutenek ere”. Izan ere, musika taldearen 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala egiten ari da Javi Elortegi eta gitarraren proiektu osoa jaso du dokumental horretan.

Egitasmoak STEAM bokazioak sustatzeko EHUk duen konpromisoarekin bat egiten du. Unibertsitateko ikasleei teknologia industriala erakusteko bestelako metodologiak erabiltzeko grinatik abiatzen da ingeniaritza-teknikak erabiliz gitarra elektrikoak sortzeko ikasketa-programa. Elkarlanean lantzen dituzte gitarra elektrikoak ikasleek euren ikasketen barruan eta “balio horiek sustatzeko aukera aparta gauzatzeko modua izan da Gatiburekin elkarlanean aritzea, askotan ez da lortzen gure unibertsitateak egiten duen eta dituen balioak gizarteratzea eta ekimen honek horretarako balio izateaz gainera, STEAM bokazioetan neska gazteek ere erreferenteak izateko balio izan du, Guitar Stream programak neskak eta mutilak aritu baitira berdin, hainbat ingeniaritza adarretakoak eta mailatakoak”, adierazi du Garaik.

Gitarra pertsonalizatua

Guitar STREAM programaren baitan, gitarra bat sortzen dute urtero programan izena ematen duten ikasleek, birziklatutako materialekin. Izan ere, Ingeniaritza Eskolako zuzendari Charles Pintok azpimarratu bezala, “proiektu honek erakutsi du ingeniaritzak artea eta musikari bereziki ekarpena egin diezaiokeela”. Eta oraingoan ikasketetatik harago jo dute; izan ere, gitarra norentzat zen eta non jotzeko zen jakin baitute ikasleek hasieratik. “Gitarra pertsonalizatua sortu dute EHUko ikasleek Gatiburentzat, azaldu dute Javier Mazon eta Iraide Lopez irakasleek. Gitarrak Watty du izena, haltz zurezko gorputza darama, astigar formako masta eta pau ferro diapasoia. Eskala 637, 1 mm-koa da eta gorputzaren akabera Pink coral (koral larrosa) kolorekoa da, mastaren palarekin jolastuz”, azaldu dute biek.

“Gitarra beltz, zuri edo sunburst bat margotu genezakeen, mundu guztiak erabiltzen dituenak bezalakoa. Baina hau azken kontzertua da mende laurden baten ostean eta horregatik aukeratu dugu kolore berezi hori”, azpimarratu du Mazonek. “Kolore arraroa da, 60ko hamarkadako altxor ezkutua, eta oso gutxi ausartu izan dira kolore hori erabiltzen. Aukera hau errepikaezina delako aukeratu dugu. Kolore paregabea da gau bakar baterako. Bere taldearekin azken aldiz eszenatokira igotzen denean, beste inork ez duen zerbait eramatea nahi genuen, 25 urte hauetan eraiki dutena bezain esklusiboa”, azaldu du Mazonek.

Haimar Arejita gitarra-jotzaileak eskertuta jaso du espresuki berarentzat sortutako gitarra Nuria Gamez eta Arianna Alonso ikasleen eskutik eta zuzeneko emanaldi labur batekin eskertu nahi izan die egindako lana. Gitarra jaso bezain pronto afinatu eta Gatiburen kanta ezagunen notak jotzeari ekin dio, ekitaldira bertaratu diren ikasleen gozamenerako. “Gitarra oso ondo egina dago, are gehiago ez profesionalek egina egoteko; kontzertu osoa jotzeko moduko gitarra da”, adierazi du Arejitak. Ez du argitu nahi izan, ordea, zein abesti joko duen larunbateko kontzertuan. “Sorpresa gisa utziko dugu, ikusmina ere sortu behar baita”, esan du irribarrez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna