Pablo Sarasate konpositorearen ondare diren lau kutxa berreskuratu dituzte

Pablo Sarasate konpositorearen ondare diren lau kutxa berreskuratu dituzte

Edukiontziak 1985. eta 1991. urteen artean galdu ziren, eta orain Iruñeko Udal Artxiboko bi gela ezkututan aurkitu dira. Berebiziko balioa duten 55 pieza barne hartzen dituzte, hala nola musikariak bildutako pinturak eta eskulturak, eskainitako argazkiak, arropak eta Felix Mendelssohn musikagile alemanak eskuz idatzitako eskutitz bat.

Iruñeko Udalak 1985. eta 1991. urteen artean desagertu ziren lau kutxek gordetzen duten materialari balioa emango dio, Pablo Sarasate musikari iruindarraren ondarearen parte baitira. Lau edukiontziak, beste objektu batzuekin batera, orain arte ezkutuan zeuden bi gelaxkatan zeuden, Udal Artxiboaren egoitza den San Joan Apaiztegi zaharreko laugarren solairuan. Artxiboko langileek duela aste batzuk aurkitu zituzten, ondare historiko eta artistikoa antolatzeko eta inbentariatzeko lanei esker.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Beatriz Marcotegui Barber Udaleko artxibozainak aurkeztu dute aurkikuntza. Egurrezko lau kutxek 49 x 115 x 53 zentimetroko tamaina dute, 1, 5, 7 eta 8 zenbakiekin identifikatuta daude, eta giltzarrapoz itxiak, zigilatuak eta argizari gorriz eta Iruñeko Udalaren zigiluarekin lakratuta daude. Barruan konpositoreak bildutako pinturak, grabatuak eta eskulturak, eskainitako argazkiak, arropa eta Mendelssohn konpositoreak eskuz idatzitako eskutitz bat aurkitu dira, besteak beste. Haiekin batera beste objektu batzuk ere topatu dituzte, hala nola makilak erakusteko beira-arasa bat eta boli labainduan lakatutako estilo neoklasikoko aulkia.

Uste zutenez, pieza horiek guztiak galduta zeuden, eta berreskuratu ondoren berriz ere gehituko zaizkio Sarasate konpositorearen ondareari, zeina orain berriz ere osorik baitago. Ondare baliotsu horren elementu nagusiak Pompelo Civivoxean sortuko den Iruñeko seme kuttunari eskainitako museo-aretoan egongo dira ikusgai. Denon eskura dagoen areto berezia da, musikariak testamentuan esan bezala.

Konpositorea 1908ko irailaren 20an zendu zen, eta oinordeko nagusi zuen Iruñeko hiriari honako hauek utzi zizkion dohaintzan: “erlojuak, gorbata-orratzak, eraztunak, diamantedun bitxiak, ohore-dominak, koroak, palmak, diplomak, brontzeak, koadroak, bustoak eta oroigarriak”, bai eta Vuillaume izeneko biolina eta Parisko etxean zituen altzari asko ere, bere izena zeraman areto batean ikusgai egoteko baldintzapean.

Pablo Sarasateren lehenengo museoa

Iruñeko Udaletxe zaharrean instalatu zen Sarasateren lehenengo museoa, azkeneko solairuan gaitutako areto batean. 1951n egin ziren eraikina eraisteko lanen ondorioz museoa desmuntatu zuten, eta edukiaren parte bat Iruñeko Aurrezki Kutxan gorde zuten aldi baterako; gainontzeko 539 piezak Udalaren esku geratu ziren, eta Compañia kaleko Arte eta Lanbide Eskolako egoitzara lekualdatu ziren.

Museo berria Pablo Sarasate Kontserbatorioko beheko solairuan kokatu zuten, Agoitz kalean: 1965eko martxoan inauguratu zuten, baina urte gutxiren buruan berriz ere desmuntatu behar izan zuten, segurtasun-arrazoiak zirela eta. Hala, 1976ko martxoaren 5ean, bitxiak bi kutxatan jarri eta Iruñeko Aurrezki Kutxako kutxa gotorrean gorde ziren. Gainontzeko objektuak behar bezala zenbakitutako, itxitako eta prezintatutako hamaika kutxatan gorde ziren, eta Nafarroako Museoan aldi baterako utzi zituzten 1977ko irailaren 1ean. Dokumentuz, argazkiz, altzariz eta beste pieza batzuez osatutako beste sorta bat Udal Artxibora eraman zuten.

1985eko martxoan, Sarasateren ondarea gordetzen zuten hamaika kutxak Udal Artxibo gisa gaitu berri zen San Joan Apaiztegi zaharraren eraikineko laugarren solairura eraman zituzten berriro. 1990. urtearen amaieran Sarasateren Museoa San Joan Apaiztegian instalatzeko gastua baimendu zen, eta 1991ko martxoaren 6an zegokion proiektua onetsi zuten. Orduko artxibozaina erakusgai jarriko ziren Sarasateren ondareko elementuak aztertzera joan zenean, altzariez eta bildutako banakako objektuez gain, zurezko zazpi kutxa besterik ez zituen aurkitu eraikineko laugarren solairuan, 1, 5, 7 eta 8 zenbakia zutenak falta baitziren. Galera hura ez zen jendaurrean jakinarazi eta, eta, hala eta guztiz ere, museo-areto berria 1991ko maiatzaren 28an inauguratu zen Udal Artxiboko kaperan, lau kutxa horietako materialak jarri gabe. Ondoren, 2008ko irailean, museoa birgaitutako Kondestablearen jauregira eraman zuten, eta bertan jarraitzen du gaur egun.

Hainbat hipotesi planteatu zituzten orduan gertatutakoa azaltzeko, hala nola lau kutxak galdu eta beste biltegi batzuetara eraman izana. Hala eta guztiz ere, hainbat ikerketa egin zituzten arren, ez ziren inoiz aurkitu. Aurkikuntzaren ondoren, dokumentazioa berrikusteko epea ireki da, zehazki zer gertatu zen zehazteko eta gorabehera hori berriro gerta ez dadin hartu beharreko neurriak hartzeko. Orain berreskuratutako materiala katalogatu, baloratu eta ondarera itzuliko da, 2026tik aurrera Bigarren Zabalguneko Pompelo Civivoxean bilduma birkokatzeko enkargatu den museo bat sortzeko proiektu berrian sar dadin.

Gayarreren bustoa

Udalak nabarmendu duenez, berriki berreskuratutako kutxetan dauden elementuen artean, Mariano Benlliure eskultoreak 1890ean egindako Julian Gayarre Erronkariko tenorearen bustoa dago. Zentzu hertsian, pieza hori ez da berez ondarearen parte, nahiz eta 1951tik aurrera harekin elkartu zen, Udaletxe zaharra eraitsi eta Udal-bulegoak Arte eta Lanbide Eskolara eraman zirenean.

Erroman egin zuten topo Gayarrek eta Benlliurek 1889an, eta orduan egin zuen eskultoreak jatorrizko lana buztinez edo argizariz, eta urtebete geroago brontzean galdatzeko erabili zuten, tenorea zendu eta gero. 1892tik 1925era bitarte artelana Madrilgo Errege Antzokian egon zen, eta espazio eszeniko hori itxi ondoren, eskultoreak bustoa berreskuratu eta musikariaren iloba eta oinordekoei oparitu zien (Fernando eta Maria Herrero Gayarre), eta haiek Fructuoso Orduna eskultorearen bitartez Udalari eman zioten dohaintzan 1944an. Bustoa azaroaren 8an eman zioten Udalari, baina ez zen Gayarre antzokian jartzera iritsi, aurreikusita zegoen arren. Haren arrastoa 1951ra arte galdu zen, eta eraispen-lanak zirela eta konpositorearen ondarearen inbentarioan sartu zen. Bustoa Nafarroako Museoan utzi zuten, 5. kutxan, eta kutxa hori orain berreskuratutakoetako bat da.

2018an herritar batek Benlliurek egindako Gayarreren bustoa Nafarroako Jauregiko lehendakaritza-bulegoan zegoela ikusi zuen. Udalean haren jatorriagatik galdetu ondoren, egoera Arartekoaren aurrean salatu zuen; txosten batek ondorioztatu zuen Nafarroako Jauregian zegoen bustoa Udalarena zela, eta Nafarroako Gobernuak Udalari entregatu zion 2021ean. Gayarreren bustoa aurkituta, lan beraren bi ale daudela ikusi dute: bat, Benlliurek berak sinatua eta Iruñearena dena, eta beste bat, galdatzaileak bakarrik sinatutakoa, Nafarroako Gobernuarena. Aurkikuntza Foru Gobernuari jakinarazi zaio dagoeneko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna