Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak ‘Zugarramurdi 1610’ argazki-liburua aurkeztu dute

Urretabizkaiaren argazkiak zuri-beltzean errebelatuta daude, eta bertako euskarara itzuli diren Fernando Hualderen testuekin osatuta dago argitalpena.

Fernando Hualde idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak ondutako Zugarramurdi 1610 liburua (Xibarit argitaletxea) aurkeztu dute bertako Sorginen museoan. Mimoz burututako lana dela diote, argazkia eta testua uztartzen dituena, herriaren memoria historikoan sakontzeko.

Egileekin batera, Argitxu Aguerre Zugarramurdiko alkatea ere aurkezpenean izan da, eta bertako bizilagunen parte-hartzea nabarmendu nahi izan du, “haiek baitira argitalpena osatzen duten irudien benetako protagonistak, baita liburuak bere irakurleei Zugarramurdiko euskara propioa eskain diezaien egindako itzulpen lan handia ere”.

Joseba Urretabizkaia argazkilari eta Xibarit argitaletxeko ordezkariak, bere aldetik, kalitate handiko material grafikoa biltzen duen lana azaltzeko eta inprimatzeko prozesuaren xehetasunak eman ditu. Durangoko Azokaren azken edizioan harrera bikaina izan duten zuri-beltzeko irudien eta formatu zainduaren balioa ere azpimarratu ditu. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkio bai Museoari bai Lezeari erreportaje fotografikoa egiteko emandako erraztasunengatik, baita zugarramurdiarrei ere proposatutako jantzi eta kokapenetan argazkiak ateratzeko izan duten prestasunagatik.

Azkenik, Hualdek hartu du hitza proiektuaren sorrera testuinguruan kokatzeko eta XVII. mendearen hasieran Zugarramurdin, Nafarroako iparraldean eta Lapurdin gertatutakoei buruzko mintzaldia emateko. Bertaratutakoek arreta handiz entzun dute idazlea tokiko historiari buruzko ezagutza zabaltzen duten datu berriak eman baititu.

Hualdek Sorginen Museoaren lehen urratsak ekarri ditu gogora, eta Jesus Aguerre orduko alkatearekin, Ainhoa Aguirre zuzendariarekin, Koro Irazokirekin eta zugarramurdiarrekin elkarlanean aritu zeneko oroitzapenak partekatu ditu. Izan ere,
zugarramurdiarrek hasieratik sentitu zuten Museoa bertako ondare immaterial baliotsua babesteko gune gisa eta baita topaleku gisa ere. “Ausardia, zorroztasuna, pertseberantzia eta motibazioa” nabarmendu ditu hasierako etapa hura posible egin zuten ezaugarrien artean. Bere hitzek oroitzapen ugari ekarri dituzte gogora, erraterako, Fitur 2008an lehen Akelarrea antzeztu zenekoa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna