(argazkia: Tabakalera)

Eginzaleak! topaketak fanzineak, inprimatzeko teknikak eta edizio independentea ezagutzeko aukera emango du larunbatean, Tabakaleran

Hamahirugarren edizioak ibilbide bat proposatuko du autoedizioaren unibertsoan barrena, kultura autogestionatua markatu duten inprimaketa- eta erreprodukzio-teknikekin: risografiatik hasi eta fanzineak eta argitalpen alternatiboak sortzeraino.

Datorren abenduaren 20an, larunbata, Eginzaleak! topaketaren hamahirugarren edizioa izango da Tabakaleran. Urtero egiten den ekimen honek teknologiaren, sormenaren eta ezagutza partekatuaren inguruko egitearen kultura eta praktika kolaboratiboak goratzen ditu. Urtean zehar Medialab Tabakaleran garatutako proiektuak azaltzeko erakusleiho gisa egonkortu da ekimena, eta DIY (egizu zuk zeuk) filosofia partekatzen duten kolektiboak, eragileak eta herritarrak gonbidatzen ditu.

Aurtengo edizioak ibilbide bat proposatuko du autoedizioaren unibertsoan barrena, kultura autogestionatua markatu duten inprimaketa- eta erreprodukzio-teknikekin: risografiatik hasi eta fanzineak eta argitalpen alternatiboak sortzeraino. Gainera, edizio independentearen eta sorkuntza grafikoaren tokiko eta nazioarteko erreferenteak bilduko ditu, autoedizioaren panoramaren gaineko askotariko ikuspegiak erakusteko:

Asier Aguayo bilbotarrak, EHUn doktoregaia eta sortzailea S0K0RR0 ezizenez ezaguna, grafikagintza politikoari buruzko bere ikerlana eta eskuzko tipografian duen esperientzia joria partekatuko ditu. El Lirón Gris proiektuagatik da ezaguna Elisabeth Perez Fernandez barakaldar ilustratzaile eta Irudikako nazioarteko programen koordinatzailea eta hurbilketa sortzaile bat proposatuko du grabatuaren teknikara. Johanna Maierskik sortutako Colorama (Berlin) proiektu-guneak risografiako bere lan editoriala erakutsiko du, baita autoedizioa, esperimentazioa eta baliabideetarako sarbide zuzena ardatz dituen bere hezkuntza-programa ezaguna ere. Familia Plomez (Madril) kolektibo eta elkarte kulturalak inprenta tradizionalaren defentsa aktiboa erakutsiko du. L’Automàtica (Bartzelona) diseinatzaile grafiko, artista eta ilustratzaileen kolektiboak elkarte kultural eta esperimentazio grafikorako gune bihurtutako inprenta berreskuratzen egin duen lana partekatuko du. Artisau-serigrafiako Lanevera Ediciones tailerrak (Valentzia) ere parte hartuko du, irakaskuntzan, ikerketan eta egonaldi esperimentaletan ibilbide sendoa egina du honek. Gainera, Maialen Arocena irundar ilustratzaile eta muralgileak koadernaketa-ariketa errazak erakutsiko ditu, eta Maider Leturiaga ilustratzaile zarauztarrak monotipiekin esperimentatzeko gonbitea egingo du, risografiako masterrak erabilita.

Egun osoan zehar, gainera, Tabakalerako hirugarren solairua laborategi grafiko bihurtuko da, sortzaile gonbidatuen teknika eta prozesuen erakustaldi aktibo batekin. Bertan, publikoak zuzenean parte hartu ahal izango du edizio eta esperimentazio artistikoko ariketetan.

Hala, egunean zehar, hurbiltzen direnek hainbat teknika esploratu ahal izango dituzte, tartean risografia eta monotipia edo fanzineak eta koadernaketa-ariketa errazak eskuz egiteko moduak, eta faxa, tipo mugikorrak edo Letraseta bezalako tresnak erabili ahal izango dituzte.

Horretaz gain, programazioan bi lantegi izango dira. Alde batetik, familiei (+5 urte) zuzendutako Bloke print lantegia, Ander Perez de Arenazana donostiarrak emango duena. Animaziogile eta ilustratzaile honen lanak animazio-teknikak eta iruditeria propio bat uztartzen ditu, mitologiaren eta umorearen eraginak jasotzen dituena. Parte-hartzaileek arte grafikoen mundua ezagutuko dute hurbiletik eta, sormenaz baliatuta, eraikuntza-blokeak erabiliko dituzte estanpazioak egiteko.

Bestalde, Rapapawnek (Galizia) dinamizatutako Risogramak. Risografiako animazioa lantegia eskainiko zaie helduei. Cynthia Alfonsok eta Oscar Rañak osatutako estudio hau nazioartean da ezaguna bere animazio esperimentalagatik eta iruditeria geometrikoagatik. Lantegi honetan, parte-hartzaileek inprimagailu risografikoa erabiltzen ikasiko dute, animazio txiki bat sortzeko. Ideia bat garatuko dute, irudiak prestatuko dituzte, eta konbinatu egingo dituzte loop animatu bat sortzeko, azkenean bideo bihurtuko dena.

Lantegietarako izen-ematea Tabakaleraren webgunean edo zentroaren informazio-gunean egin daiteke.

Programak topaketan parte hartu duten sortzaileen aurkezpen laburren saio batekin jarraituko du, eta DJ saio batekin amaituko da, Siwanabaren eskutik; musikarekin batera, risografiako animazio-lantegian sortutako bisualak proiektatuko dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna