(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak eta Artium museoak Jardun Artistikoentzako Institutuan parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Eskariak aurkezteko epea otsailaren 16ra arte egongo da zabalik.

Donostiako Tabakalera zentroak eta Gasteizko Artium museoak, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin, Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) zazpigarren edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Egitasmoak hiru erakundeen programetan parte hartzen duten artistek beste artista batzuei eta arte garaikidearen sektoreko eragileei jakintzak transmititzea du ardatz. Honako artista hauek parte hartuko dute JAI 2026 edizioan irakasle gisa: Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbao, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990), eta Carla Filipe (Aveiro, 1973). Baita Ibon Aranberri (Itziar, Deba, 1969), Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975) eta Itziar Okariz (Donostia, 1969) artistek ere, tutore gisa. Eskariak aurkezteko epea otsailaren 16ra arte egongo da zabalik.

2026ko deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei eta sektoreko eragileei begira antolatu da, eta ez da beste baldintzarik eskatzen parte hartzeko. Gehienez ere hamasei ikasle onartuko dira, ordea, eta, hautaketa-prozesuan sartzeko, Artium Museoaren eta Tabakaleraren webguneetan deialdiaren oinarriekin batera aurkituko duten inprimakia bete beharko dute, curriculum vitaea eta biografia, motibazio-gutuna eta aurreko lanen irudiak biltzen dituen dosier digitala erantsita.

Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Alejandro Cesarco (artista), Catalina Lozano (Artium Museoko komisario burua) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) izango dira ikasketa-batzordeko kideak eta haiek arduratuko dira parte-hartzaileak hautatzeaz. Erabakia martxoaren 14an argitaratuko da.

Zortzi asteko iraupenarekin, artistek artistentzat diseinatutako proposamen pedagogikoen bidez egituratzen da JAI, eta jarduera artistikoa ulertzeko modu desberdinen arteko elkarrizketak zabaltzeko baliabide gisa aurkezten da. Programak irakasle bakoitzak bere lan-prozesuak definitzen dituzten jakintza praktikoak ikasleei transmititzen saiatzea eskatzen du.

Formakuntza-saioak Gasteizko Artium Museoan izango dira 2026ko uztailaren 1etik 26ra eta Donostiako Tabakaleran 2026ko abuztuaren 1etik 31ra. Altzuzako Oteiza Museoan egonaldi bat egingo dute ere, uztailaren 2tik 31ra.

Matrikulak 400 euroko prezioa du. Hautatutako pertsonei orientazioa emango zaie Gasteizen eta Donostian ostatua bilatzeko; ostatua, dena den, ez dago ikastaroko matrikularen prezioan sartuta. JAIko ikasketa-batzordeak gehienez sei beka ematea erabaki ahal izango du, matrikula ordaintzetik salbuetsita egoteko aukera emango dutenak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna