Hastear den urteko agenda betea dutela dio elkarteak. Tartean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ere izango da 2026ko udazkenean. Dituzten hitzordu berri horiei guztiei ondo erantzuteko lanean arituko dira buru-belarri, eta 2027koa mimoz prestatuko dutela nabarmendu nahi izan dute.
Bertsozale Elkarteak 2026ko otsailaren 28an egitekoa zen Bertso Eguna bertan behera uztea erabaki du. Bertako kideek adierazi dutenez, “bertso agenda betea daukagu, eta, udazkenetik hasita, txapelketak ere batu zaizkio dagoeneko ondo betea dagoen agendari”.
2025ean ez ezik, 2026an ere izango dira txapelketak: Xilabakoa urtea hastearekin amaituko da, ondotik etorriko da Arabakoa, eta udako oporraldiaren ostean 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Hori gutxi ez, eta Gipuzkoako Herriartekoa edo arestian aipatutako Eskolartekoa ere izango dira.
Bertsozale Elkartearen arabera, “bertsoa plazetan bizi ikustea eta txapelketak ere bertsolaritza sustatzeko ekinbidean ikustea poztekoa da, baina leku gutxi uzten du agenda. Hori horrela, 2026ko Bertso Eguna bertan behera geratuko da, hori bai, indartsuago bueltatzeko”.
Beraz, urte amaiera honetan eta 2026an, dituzten hitzordu horiei guztiei ondo erantzuteko lanean arituko dira buru-belarri, eta 2027koa mimoz prestatuko dutela nabarmendu nahi izan dute. “Gainontzeko saio, emanaldi, txapelketa eta sariketatan elkar ikusten jarraituko dugu!”, bukatu dute.