(argazkia: Gaztetxeak Bertsotan)

Gaztetxeak Bertsotan sariketa bueltan da

Sariketan 24 bertsolari gaztek hartuko dute parte eta lau kanporaketa, bi finalerdi eta finala antolatu dituzte. Lehen kanporaketa otsailaren 6an izango da Hiltegixe Berrizko Gaztetxean.

Euskal Herriko hainbat bertsolarik, gaztetxeko asanbladekin batera, Gaztetxeak Bertsotan binakako bertso-sariketaren bigarren edizioa antolatu dute. Aroa Arrizubieta bertsolari gasteiztarrak sare sozialen bidez azaldu ditu sariketaren xehetasunak: “bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, bertso munduan dabiltzan gazteak gaztetxeetara gerturatu eta gure ideiak, kezkak eta aldarriak kantuz konpartitzea, eta bestetik, gaztetxeen bueltan dabiltzan gazteak bertsora gerturatu eta bertsoa bizitzeko beste modu bat ezagutzea”.

Hala, bertsoaren bitartez, Euskal Herriko gaztetxeak babestu eta indartzea da antolatzaileen asmoa. Zentzu horretan desalojo arriskuan dagoen Igorreko Kiñu gaztetxea aukeratu dute aurtengo edizioa aurkezteko, “antolatzeko espazioak defendatu nahi ditugu”, adierazi du Arrizubietak.

Sariketan 24 bertsolari gaztek hartuko dute parte eta lau kanporaketa, bi finalerdi eta finala antolatu dituzte.

Lehen kanporaketa otsailaren 6an izango da Hiltegixe Berrizko Gaztetxean. Hurrengo egunean, otsailak 7, berriz, Beasaingo gaztetxera egingo dute jauzi, hirugarren saioa otsailaren 20an izango da Garaziko Gaztetxean eta azken kanporaketa otsailaren 21ean izango da Maiatzak1 Txantreako Gaztetxean. Parte hartuko duten bertsolarien zerrenda eta gainerako informazioa aurrerago emango dutela adierazi dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna