(argazkia: Donostia Kultura)

Donostiako Larrotxene Bideok 8-12 urte arteko gazteei zuzendutako Harrobideo Laborategia martxan jarri du

Programa honen bidez Larrotxene gazteen ikus-entzunezko sormen-laborategi bihurtuko da. Horretarako, Larrotxenek dituen baliabide tekniko eta profesional guztiak (kamerak, estudioak, soinua, edizio gelak…) gazteen esku jarriko dira.

Larrotxene Bideok martxan jarriko duen Harrobideo ikus-entzunezko sormen programa berria da, urtarrilaren 16tik aurrera, 8 eta 12 urte bitarteko gazteei zuzendua. Larrotxene Kultur Etxean egingo da, hilean bi larunbatetan, eta saio bakoitza bi ordukoa izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “programa honek zinemagintza modu ludiko, esperimental eta kolektiboan lantzea du helburu. Parte-hartzaileek beren ideiak irudi bihurtuko dituzte ariketa praktikoen bidez, eta kontakizun kolektibo bat eraikiko dute, euren interesak eta kezkak abiapuntu hartuta”.

Hala, bi astetik behin ikus-entzunezko arlo bat landuko da, saio independente baina osagarrien bidez:

  1. saioa. Zer da zinema? I
    Gure zinemagile-begirada
    Filmak ikusi eta hauek komentatu. Enkuadreak sortu, konposizioa eta ikuspegia ikasteko.
  2. saioa. Zer da zinema? II
    Argia, kolorea eta mugimendua
    Argiaren erabilera ulertu filmetan, ondoren argi eta itzalekin jolasteko. Eszenak sortu, objektuak argiztatuz. Espazioa aztertu.
  3. saioa. Gidoia I
    Pertsonaiak eta munduak sortu
    Filmak ikusi, ariketa praktikoak egin eta storyboard bat sortu.
  4. saioa. Gidoia II
    Eszena bat eraiki
    Kroma eta fondo birtualak filmetan aztertu. Kromarekin jolastu, inprobisazioaren bitartez.
  5. saioa. Filmaketa I
    Kamera, gorputzaren luzapena
    Kameraren erabilera filmetan aztertu. Ariketa praktikoak kamerarekin.
  6. saioa. Filmaketa II
    “Irla imajinarioaren” bizitza erregistratu
    Aurreko blokeetan sortutako txokoak, objektuak eta pertsonaiak filmatu. Lan taldeak sortu zinemaren eginkizunen arabera.
  7. saioa. Soinua I
    Soinu-paisaiak, soinu unibertsoak
    Filmak, entzumenaren bidez “ikusi” eta gero, komentatu. Giroa (haizea, pausuak, ahots urrunak) grabagailuaren bidez erregistratu.
  8. saioa. Soinua I
    Soinua eta emozioak
    Giroak, efektuak eta ahotsa konbinatuz eszenak sortu. Soinu-bankua sortu, edizioan erabiltzeko.
  9. saioa. Edizioa I
    Grabatutakoaren berrazterketa
    Aurreko saioetan sortutako irudiak eta soinuak ikusi eta komentatu. Planoak ordenatuta jarri eta edizioaren tresnekin jolastu.
  10. saioa. Edizioa II
    Istorio kolektiboaren muntaketa
    Ahotsak edo intertituluak gehitu eta planoak eta soinua muntatu. Azkenik, lanaren proiekzioa egingo da.

Banakako jarduerak izateko pentsatuta

Saio guztiak osagarriak izango dira, trebakuntza ibilbidea osatuz, baina, aldi berean, banakako jarduerak izateko pentsatuta daude ere; beraz, ez dago ikasturte osorako konpromezurik.

Programa honen bidez Larrotxene gazteen ikus-entzunezko sormen-laborategi bihurtuko da. Horretarako, Larrotxenek dituen baliabide tekniko eta profesional guztiak (kamerak, estudioak, soinua, edizio gelak…) gazteen esku jarriko dira.

Harrobideo Zine-Lab kolektiboko Unai Ruiz eta Maite Alonso sortzaileek koordinatuko dute. Saio bakoitzean parte hartzeko ordaindu behar ez bada ere, izen-ematea beharrezkoa da, Donostia Kulturako ohiko bitartekoen bidez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna