Epaimahaiaren arabera, “zazpi proiektu aurkeztu ziren guztira, eta denak ziren printzipioz interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere”.
Aurtengo Tene Mujika beka eman gabe uztea erabaki du lehiaketako epaimahaiak. Zazpi proiektu aurkeztu ziren guztira, eta denak ziren printzipioz interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere. Horrenbestez, bekaren historiari eta prestigioari eusteko, aurtengo deialdia hutsik uztea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako lanak saritzea du helburutzat. Beka honi esker argitaratutako azken lanak honako hauek izan dira: Jon Artanoren Juana, Alaitz Melgarren Josefa, neskame eta Mikel Sotoren Mirande, herriminez, ezin-minez.
Iaz, Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri ikerlari gazteek eraman zuten saria, euskaldunek “Israel-Palestina”-ren aurrean izan dugun bilakaera aztertzen duen proiektu batekin. Zehazki, Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean du izenburua ikerlarien proiektuak eta bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak (bere espresio politiko desberdinetan) nola ikusi izan duen “gatazka” hori, Israelgo estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara. Egileek arreta berezia eman nahi izan diote kultur munduari; izan ere, “hebreeraren biziberritzeak lilura eta jakin-min galantak sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutz-en mugimenduak ere”, adierazi dute. Lanak laster ikusiko du argia.