Gazteei zuzendutako euskarazko ipuin laburren lehiaketa martxan da Basaurin

Lanak urtarrilaren 15etik martxoaren 16ra jasoko dira zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez. “Askotan pentsatu nuen une hartan” izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek. 

Geuria komunikabideak, Elkar Euskal Kulturgintzak eta ZirtZart Basaurik ‘Hitz-Erdiko Kontaketak’ euskarazko ipuin laburren lehiaketaren bederatzigarren edizioa abiatu dute 12 eta 35 urte arteko gazteentzat. Helburua idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea izango da

Hala, parte hartu nahi dutenek “mikrokontakizun” bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzez osatua. Antolatzaileek, ohi bezala, hasierako esaldia emango dute, eta hortik abiatu beharko dira lanak. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Azpimarratu dutenez, “euskaraz idatzitako “mikroipuinak” baino ez dira onartuko”. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu, 2026ko urtarrilaren 15etik martxoaren 16ra bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

Bost sari egongo dira: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, bigarrenak 150 eurokoa, hirugarrenak 100 eurokoa, Elkar saria irabazten duenak 150 euroko bonua eskuratuko du, eta, azkenik, Basauri saria lortzen duenak 150 euro jasoko ditu.

Elkar sarian, 12 eta 17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko; eta, Basauri sarian, herrian erroldatuta egon beharko du parte-hartzaileak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna