(argazkia: Euskal Herriko Orkestra Barrokoa)

Euskal Herriko Orkestra Barrokoa jaio da

Orkestra Euskal Herriko eta kanpoko musikariz osatuta dago, baita musika barrokoaren interpretazioaren munduan formatzen ari diren gazteez ere.

Azken hamarkadetan, Europan gorakada handia izan da musika barrokoan espezializatutako jaialdi eta orkestren artean. Orkestra sinfoniko modernoak errepertorio modernoago bat interpretatzeko diseinatuak daude orohar, eta orkestra barroko batek musika hori konposatu zen garaian erabiltzen ziren instrumentuak eta interpretatzeko irizpideak erabiltzen ditu, bestelako ñabardura eta aberastasun tinbrikoa eskainiz, besteak beste.

Euskal herriko musika programazio eta areto handietan maiz entzun daitezke ezaugarri horiek dituzten taldeak, baina atzerritarrak izan ohi direla dio Orkestra berriak. “Euskal Herrian badago musikari profesional ugari estilo honetan espezializatu dena —Estatu espainiarrean, frantsesean, Herbehereetan, Belgikan edo Alemanian trebatuak esaterako— baina ez dago orkestra barroko egonkorrik hemen aritzeko. Horrek talentua kanpora joatea dakar, eta kanpoko orkestrak ekarri beharra lan honetarako”. Gogoratu dutenez, “musika barrokoak korronte historizistan publiko zabala erakartzen du Euskal Herriko aretoetara”.

EHOBk hutsune hori betetzeko xedea du, urtean zenbait proiektu egingo dituen orkestra eta proiektu egonkorra izatekoa, kalitatezkoa eta prestaketa lan sendoa egingo duena, musikari gazteentzako ere formakuntza eta aukera profesionala suposatuko duena, eta ahal den heinean euskal ondarea ere landu eta zabaltzeko ahalegina egingo duena (Zuberoako Maskaradako musika herrikoia eta dantza barrokoarekin uztartuz adibidez bere lehenengo proiektuan).

Berezitasunak

EHOBaren berezitasunen artean instrumentu historikoen erabilera dago: biolin barrokoak, tripazko sokak, garai hartako arkuak, lautea, viola da gamba, traversoa, fagot historikoa, oboe barrokoa, tronpa naturala, klabezina, organoa…

Teknika eta estetika bereziak ere nabarmentzen dira orkestra honetan. “Musika ez da soilik ‘antzinakoa’: interpretazio historizistak soinu gardena, ñabardura handiak eta espresibitate berezia eskaintzen ditu. Horrek publiko gazteago eta zabalagoa erakartzen du Europan, eta gure lurraldean ere antzera gertatzen da”, azaldu dute.

Musikariak

Orkestra Euskal Herriko eta kanpoko musikariz osatuta dago, baita musika barrokoaren interpretazioaren munduan formatzen ari diren gazteez ere: Helena Zemanova (kontzertinoa); Maite Larburu, Saioa Alonso, Pablo Arevalo, Miren Zeberio,  Berta Ares (biolin barrokoak); Iñigo Aranzasti, Mau Ziemkiewicz (biola barrokoa); Urko Larrañaga (txeko barokoa); Giulio Tanasini (viola da gamba); Roger Azcona (kontrabaxu barrokoa); Ines del Rio (tiorba eta gitarra barrokoa); Maria Gonzalez (klabezina); Vicente Parrilla (moko-xirula); Miriam Jorde (oboe barrokoa); Quim Guerra (fagot barrokoa); Dani Garay (perkusioa); Mixel Etxekopar (xirula, ttunttuna eta ahotsa); eta Enrike Solinis (lautea eta zuzendaritza artistikoa).

Orkestra honen lehen entseguak Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean izango dira. Otsailaren 26an eta 28an, berriz, Masquarade kontzertua aurkeztuko dute Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Kursaalen, hurrenez hurren.

Zabaldu:

Utzi erantzuna