Euskaltzaindiak Euskal Herriko mendi-multzoen izenak arautu ditu

Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso dira Euskal Herriko mendi‑multzoen izenak arauan (201. araua): Arbaila, Arlabango mendiak, Badaia, Bosmendieta, Elgea, Toloño… Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira denak.

Euskal Herriko mendi‑multzoen izenak (201. araua) arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten dira. Zehazki, euskal mendi‑multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta mendi‑multzoen izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Azkenik, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak aipatzen dira.

Ondoren, izenak ematen dira, taula batean zerrendaturik. Lehen zutabean, mendi‑multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak ageri dira. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira.

Bigarren zutabean, berriz, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera.

Azkenik, hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea.

Zerrendaz gainera, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.

Zabaldu:

Utzi erantzuna