Euskaltzaindiak testuliburuetako edukiak landu ditu bere hiztegian, 2025ean

Azken sei hilabeteotan 485 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian eta beste 2.524 moldatu dira.

Euskaltzaindiak, ohi duen legez, azken sei hilabeteotako eguneratzea egin du hiztegian. Honela, oraingoan, 485 forma berri jaso dira eta 1.186 berrikusi, horien artean 687 adiera berri. Azkenik, 2.353 adibide berri ere jaso dira. Eguneratze horrekin, 52.561 forma jasotzen ditu hiztegiak, 70.978 adiera eta 118.579 adibide.

Forma berriei dagokionez, 2025ean testuliburuak aztertu ditu hiztegiaren lantaldeak, DBH eta Batxilergo mailan dauden ikasleei eta Lanbide Heziketako ikasleei begira, batez ere.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azaldu duenez, garrantzi handikoa da maila horietako hitzak arautzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horien definizioak eta erabileran lagunduko duten adibideak eskura izatea ezinbestekoa da hiztegia baliagarri izango bazaie”.

Lantaldearen zeregin garrantzitsuenetako bat da orain arte jasotakoa berrikustea, eta, zentzu horretan, esfortzu handia egin da oraingoan ere: “adiera berriak sartu dira, erabili gabeak isildu, erregistro-markak, adibideak gehitu edo berritu… Hain zuzen, ahalegin horren erakusgarri dira eguneratze honetako 2.353 adibide berriak”.

Jakintza-arlo ezberdinetako forma berriak

Hiztegiaren lantaldeak testuliburuen azpicorpusa lantzeari eskaini dio denbora-tarterik handiena lehen zati honetan, bereziki giza eta gizarte-zientziei dagokiena (gizartea, historia, politika, zuzenbidea, erlijioa modukoak): bake(-)elkarrizketa, bake(-)konferentzia; botere absolutu, botere betearazle, botere exekutibo, botere judizial; greba orokor; genero(-)berdintasun, gizarte patriarkal, indarkeria matxista, parrizida; desobedientzia zibil; entente; kamerlengo; mandala; triunbiratu, ganboar / oinaztar,  liberto; petroglifo.

Bestelako jakintza-arloek eta ikasgaiek, baina, forma berriak ere ekarri dituzte, oraindik aztergaia erabat bukatu gabe badago ere. Ekonomian (ezkutuko ekonomia; industria arin / industria astun; sozietate anonimo / sozietate mugatu); geografia-geologian (mapa fisiko / mapa politiko; egitura geologiko; ozeano(-)fosa; ozono(-)geruzaren zulo); kirolean (arrisku(-)kirol; berotze(-)ariketa; bidegorri(-)sare); osasun-zientzietan (endokrinologo; epiglotis; hipermetropia; oxigeno(-)bonbona; otorrino lgart., forma soildua); ekologian (energia berriztagarri; energia eoliko; kutsadura akustiko); matematikan (ekuazio diferentzial) edo fisikan (grabitatu).

Urkiak gaineratu duenez, “azpicorpus honek orain arte hiztegiratu gabeko forma aski arruntak lantzeko aukera eman digu, corpus handietan galduta gera daitezkeenak baitira horietako asko”.

Ez dira, ordea, testuliburuetako hitzak bakarrik jaso, edo ez gai horiei zuzenean lotutakoak soilik. Ohiko konbinazioak, lagunarteko formak edo ezkutuegi zeudenak ere bistaratu dira eta dagokien lekua eman zaie hiztegian seihileko honetan.

Euskaltzaindiaren arabera, “hitz bat beste baten alboan azaltzea ez da beti gardena, baina hala ageri badira normalean, hori hiztegian bistaratzea lagungarria da”. Adibidez: arazo larri (jasoak daude lehendik istilu larri, akats larri, kinka larri ohiko lexiak hiztegian); haserrea piztu (haserre + piztu konbinazioa ez da gardena; eztabaida piztu, liskarra piztu, interesa piztu, alarma(k) piztu, gerra piztu modukoak dagoeneko badaude hiztegiratuak); zerrenda beltz (zerrenda beltza ez da ‘beltz koloreko zerrenda’; jasotzea eta argitzea komeni da: ‘Susmagarritzat edo arriskutsutzat hartzen diren herrialdeen, erakundeen edo pertsonen zerrenda, maiz ezkutukoa izan ohi dena.’); ideia(-)jasa (brainstorming ala ideia(-)jasa? garai batean bullying / eskola(-)jazarpen bikotearekin gertatu zen bezala, erabilerak eta denborak euskal formaren alde egin dute, eta hala jaso da gurean). Azkenik, gardena eta erabilia den kale(-)zurrut ere hiztegiratu da (‘Talde bat, bereziki gazte talde bat, kalean biltzea, edari alkoholdunak edateko.’).

Hizkera formalaz gain, beharrezkoak dira lagunarteko formak, eta batzuk ekarri dira hiztegira: popatik; ez dago eskubiderik; zer demontre…

Azkenik, orain arte adibide gisa jasota zeuden forma batzuk ikusgarritasun handiagoa behar zutela ikusita (erabilera-datuek horrela erakusten dutelako), azpisarrera egin dira: alde on / alde txar; duda barik / duda(rik) gabe / zalantza barik / zalantza(rik) gabe; enpatia izan, eta beste hainbat.

“Fintze-lan amaigabea”

Euskararen Akademiak adierazi duenez, “hiztegian forma berriak jasotzea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da lehendik dagoena berrikustea. Hala, sarrera batzuk ezabatu egin dira: azalki (lehen bertsiotik jasoa, ia corpusik eskura ez zegoenekoa; adibide bakarra zegoen dokumentatua; egungo corpusetan ez da ageri. Isildu egin da, Orotariko Euskal Hiztegian badago eta); artzobispo (obispo sarrerarik ez dago hiztegian, eta artzobispo garai batean “hobe artzapezpiku” gisa jasoa zegoen. Euskararen Erreferentzia Corpusean agerraldi bakarra du; artzapezpiku da forma arautua, eta aski da horrekin)”.

Beste hainbat kasutan erabilera-markak gehitu dira: adiskidetzako (bizk. zah. g. er. gehitu da: bizkaierako forma zaharkitu samarra da, baina dokumentatua, asko erabili ez bada ere); berenjena (Heg. euskalki-marka eta adibidea berriak dira).

Gainera, adierak berrikusi eta osatu dira hainbat sarreratan:

audiobisual (lehen ‘Ikus-entzunezkoa.’ zen, orain ‘1 adj. Ikus-entzunezkoa, irudiaz eta soinuaz baliatzen dena.; 2 iz. Ikus-entzunezkoa, irudiak eta soinuak erabiltzen dituen baliabidea, adierazpidea edo komunikabidea.’).

geografia (lehen ‘Lurrazalean gertatzen diren natura, biologia eta giza gertakariak aztertzen dituen jakintza.’ zen, orain ‘1 iz. Lurrazalean gertatzen diren natura, biologia eta giza gertakariak aztertzen dituen jakintza.; 2 iz. Geografiak aztertzen dituen gertakarien eta ezaugarrien multzoa.’).

Bada kasu berezi bat, adiera osatzera joatean (atautxi sarreran) pareko forma falta zela ikusi eta jaso baita (alegia, amautxi).

Amaitzeko, ohi bezala, adibideak berrikusi, moldatu eta gehitu dira sarrera askotan: algoritmo, bestengusu, megawatt…

Zabaldu:

Utzi erantzuna