Xabier Martinez Riazuelo artistari buruzko erakusketa ireki dute Iruñeko Kondestablen

Behar bezain ezaguna ez den eta bizitzaren tarte bat Iruñean eman zuen eskultore eta margolariaren ibilbide artistikoari balioa ematea da erakusketa honen helburua. Martxoaren 15era arte bisitatu ahal izango da.

Xabier Martinez Riazuelo. Lerroa, kolorea eta arima du izena Kondestablearen jauregiko lehenengo solairuan paratu duten erakusketak. Silvia Sadaba Cipriain Artearen Historian doktore eta erakusketaren komisarioak artistaren lanaren inbentarioa egin du erakusketa osatzeko, hura sailkatu eta aztertu behar izan du. Prozesua familiaren ekimenez abiatu zen, artistaren irudia balioetsi eta haren lana ezagutarazteko nahiak bultzatuta, eta Iruñeko Udalak proposamena asmo dibulgatzailez jaso du, egileak, gainera, Udalaren beraren enkarguz ere egin baitzituen bere lan batzuk.

Erakusketak askotariko arte eta formatuetan egindako 236 lan biltzen ditu, batez ere margolanak, marrazkiak eta eskulturak, bai eta ilustrazio-xaflak ere.

Xabier Martinez Riazuelok (1956-2021) Iruñean eman zuen bere bizitzaren parte bat eta Ziudadela zaharberritzeko lanetan ere aritu zen, Udaleko Lantegi Eskolaren eskutik, eta Udalak berak egin zizkion enkarguak egin zituen. 2024an, hil eta hiru urtera, artistaren familia Sadabarekin harremanetan jarri zen familiak gordetzen zituen eskultura eta margolanak aztertzeko. Erakusketaren arrazoibidea teknika eta gai desberdinetan taldekatutako lanen erakusketan oinarrituta dago, ibilbide lineal baina librea proposatuta ikusleak artistaren lanera foku anitzetatik hurbil daitezen.

Artelan “pribatuen” azterketa-prozesuari ekin ondoren, familiak ez zituen hainbat obra-multzo bildu eta identifikatzeko lanari ekin zaio orain; izan ere, artelan horiek monumentalak, publikoak edo oparitutakoak ziren. Mota horretakoak dira Udalak eskatutako lan batzuk, hala nola Mochuelo deiturikoa, zeina izen bereko plazako frontoiaren goialdean baitago (Iruñeko Ega Ibaiaren eta Altzania Errekaren kaleek bat egiten duten tokian), eta Azpilagaña ikastetxeko eguzki-erlojua. Nolanahi ere, Nafarroako beste gune publiko batzuetan ere Riazueloren beste lan batzuk ikus ditzakegu, hala nola igel gorriari eskainitako eskultura Leurtzako urtegian (1986) eta Zizur zendearen armarria Astraingo elizako horman.

Sortzailearen ibilbideari buruz egindako ikerketak nortasun sortzaile, berritzaile eta geldiezina islatzen du: egileak bere garaiko iturrietatik edaten zuen, baina hizkuntza propioa aurkitu zuen bere emozioak eta hurbileko unibertsoaren ikuspegia adierazteko. Alderdi emozional hori bereziki nabarmena da bere margolanetan; eskulturan, berriz, obrek arrazionaltasunerako joera dute, eta azterketa geometriko xehatu bati erantzuten diote.

Eskultore autodidakta

Riazuelo eskultore autodidakta eta sortzailea izan zen. Etengabeko lekualdatzeek eta gaixotasun mental batek markatu zuten haren ibilbidea, eta gaitz horrek jarraikortasun artistikoan izan zuen eragina, baina ez, ordea, sormen-sakontasunean. Haren sorkuntzako aldirik onena Aizpungo eta Azuquecako lantegien garaia izan zen, non harrizko eskultura mota soil, arrazional eta geometriko bat garatu baitzuen, forma organikoekin txandakatua eta marmol, granito, hareharri eta zeramikaz leundua. Giza irudiak eta hegaztiak izan ziren haren leit motiv errepikatuenak, bolumenekin, erritmoekin eta argiarekin jolasten duten lan abstraktuekin batera. Oteiza, Brancusi, Moore edo Hepworth izan ziren, besteak beste, Riazueloren erreferenteak. Pinturan, keinu bidezko materiari lotutako lengoaia nabarmendu zen, informalismotik eta abstrakziotik gertu dagoena. Artistaren obra, askotarikoa eta sakabanatua, bilduma pribatuetan eta gune publikoetan ikusgai dago.

Xabier Martinez Riazuelo. Lerroa, kolorea eta arima erakusketa astelehenetik igandera egongoda zabalik, martxoaren 15era arte, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna