Musikan eta balio unibertsaletan sakonduko du denboraldi berriak. Lehen atala ikusgai dago jada, Youtuben eta Makusi plataformetan.
Bat, bi, hiru eta lau! Doinuak hamalau! du izena Loa eta Laia haurrentzako telesailaren laugarren denboraldiak. Gaurtik aurrera, urtarrilak 27, ikusi ahal izango da lehen atala Youtuben eta Makusi plataformetan. Denera, hamar atal izango dira eta abendura arte emitituko dituzte. Oraingoan, musika izango da ardatza: notak, erritmoak, melodiak, harmonia eta musikaren beste oinarri batzuk jorratu dituzte. Lantaldeak, didaktikaz gain, haur eta familientzako ohiko balioak islatu nahi izan ditu: “irudimena, eguneroko errutinak eta ohiturak, berdintasuna, ekitatea eta iraunkortasuna”.
Lantaldea arloko profesionalez osatuta dago: Josu Bergaraz eta Paul Caballeroz gain, Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariek, eta David Sanchez egokitzapen eta ekoizpen musikalaren arduradunak hartzen dute parte.
Loa eta Laia pertsonaiak ausartak, sortzaileak eta dibertigarriak dira. Musika maite dute eta abesti bakoitzean abentura berrietan barneratzen dira. Haien helburua da entzuleei musika eta balioen unibertso aberatsa hurbiltzea. Qiang eta Niko lagunekin batera, talde indartsu eta dinamikoa osatzen dute, erritmo eta melodia ezberdinekin publiko guztia liluratuz. Pertsonaia hauez gain, Tin eta Ton ere azalduko dira denboraldi berrian.
Loa eta Laia euskaratik eta euskararentzat sortutako haur eta familia proiektu kulturala da. Euskara eta kulturaren transmisioa, pedagogia eta balio unibertsalak uztartuz, telesailak komunitate aktiboa eta sortzailea sortu du, ikus-entzunezkoen, baliabide didaktikoen eta zuzeneko ikuskizunen bidez.
Zuzeneko ikuskizunak
Telesail digitalaz gain, Loa eta Laia proiektuak zuzeneko ikuskizunen eskaintza berezia garatu du, familia osoarentzat pentsatua. Emanaldi horietan musikak, abestiek eta koreografiek bat egiten dute.
Urtarrilaren 17an izan zen estreinaldia Amurrioko Antzokian. Martxoaren 15ean, berriz, Algortako Muxikebarrin izango dira eta maiatzak 16an Galdakaoko Torrezabalen.
Baliabide didaktikoak
Irakasleentzako eta ikasleentzako lagungarri diren material didaktikoak eskuragarri daude loaetalaia.eus webgunean.