Martxoaren 1etik 29ra bitartean izango da aurten Laburbira, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.
UEMAk eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua UEMAko kide diren herri guztietara iritsi ahal izateko baldintza bereziak adostu dituzte, emanaldien ondoren solasaldiak egiteko aukerarekin.
Horri esker, UEMAko kide diren udalek abantailekin antolatu ahal izango dituzte aurten Laburbiraren emanaldiak.
Izena emateko aukera zabalik dago otsailaren amaierara arte, Tauparen webgunean.
Udalek bertan aukeratu ahal izango dute martxoaren 1etik 29ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horrez gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotzeko asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere izango dute, nahi izanez gero.
Zirkuituaren 23. edizio honetan, 32 lan aurkeztu dira eta horietatik zazpi hautatu dituzte bilduma osatu eta herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 80 minutuko film-labur sorta ederra osatu dute, ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz. Askotariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, eta horietako hainbat dagoeneko zenbait zine jaialditan saritutako lanak dira.
Hauek dira, hurrenez hurren, aurtengo Laburbiran ikusgai izango diren film laburrak:
- Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal)
- Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz)
- Fishy (June Asua Olabarria)
- A-maniki (Elixabet Nuñez)
- Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala)
- Orain zer? (Aihnoa Urgoitia)
- Hortzikara (Ane Cuesta)
Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion filmak iazko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean film labur onenaren EITB saria irabazi zuen. Geratzen den hori filmak, berriz, Estatu espainiarreko film labur onenaren saria jaso zuen Zinebi jaialdian.
Horiez gain, Orain zer? eta Erreka zoko hortan lanek ere ibilbide arrakastatsua egin dute estreinatu direnetik.
Film laburren zirkuitua
Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da. Bi helburu nagusi ditu: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
Taupak nabarmendu duenez, “urte askoan egindako bideari esker, Laburbira euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri”.