Jarduera otsailaren 1a, igandea, goizeko 10:00etatik 13:30ra eta 16:30tatik 18:30ra izango da.
Zumalakarregi Museoak 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako egun osoko jarduera antolatu du. Jarduera honek bi zati ditu: “alde batetik, goizean, txangoa egingo dute Mañastegizar, Troiko barrutia, Gezurmuño eta Mañastegizar artean. Museoan bertan elkartuko dira 10:00etan eta Mañastegizarrera joango dira kotxez. Familia bakoitzak bere garraioaren ardura hartu beharko du. Norbaitek garraioa lortzeko arazoren bat badu, jar dadila harremanetan Museoarekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Ibilbidean zehar, “Koen Van den Driesschek inguratzen gaituen ingurunearen geologiaz hitz egingo du eta burdinatik lor ditzakegun koloreei buruzko bitxikeriak kontatuko dizkigu. Jardueraren lehen zati hau 13:30ean amaituko da”.
Beste alde batetik, “arratsaldean, tailer bat egingo dute Zumalakarregi Museoan (16:30etik 18:30era). Bertan, goizean ikasitakoa praktikan jarriko dute, lurretik lor ditzakegun baliabideekin marraztuz”. Museoak mantala ekartzea gomendatu du eta haur bakoitzeko heldu bat ere etorri behar dela nabarmendu.
Jarduerak gure Gipuzkoa behin betiko: Lurraldea XIX. Mendean erakusketaren egitaraua osatzen du.
Koenek erakusketaren egitarauaren barruan ospatu diren beste jarduerak dinamizatu ditu. Pasa den urriaren 23n, esaterako Gipuzkoako mapa geologikorantz joanez hitzaldia eman zuen museoan bertan, eta urriaren 26an Gure paisaiak Gabiriatik ikusita eta interpretatuta txangoa gidatu zuen.