Jokin Oregik idatzi eta zuzendu du obra berria, zeinetan protagonista gisa ere izango dugun, Ana Martinezekin batera.
Marie de Jongh konpainiak protagonismoa hartuko du aste honetan Bilboko Arriaga Antzokian, bere bi ekoizpen izango baitira ikusgai egunotan. Lehenengoa, Amour, “hamar urte arrakasta handiarekin biran egon den antzerkiaren harribitxi bat da” eta urtarrilaren 29an, osteguna, taularatuko da, arratsaldeko 19:30ean. Bigarrena, berriz, Kimu, konpainiaren produkzio berria da. Estreinaldia hilaren 31n izango da 19:00etan. Jokin Oregi da bi lanen egilea eta zuzendaria.
Oregik El Patio teatroren kanpoko begirada izan du Kimu sortzeko garaian. Irudimenari buruzko ikuskizun bat da Kimu, karga bisual handikoa eta errealismo magikoaren kutsua duena. Oregik sorkuntzari buruzko begirada intimo bat erakusten digu, ipuin eszeniko baten bidez. O andreak (Ana Martinez aktorea) multinazional batentzat lan egiten du bulego batean. Bertan, duela ez hainbeste zenbatu ezin zitezkeen langileak zeuden. Orain, erabaki du natura bere lan-eremuan eta gorputzean inolako aurkakotasunik gabe bizitzea, eta guztiz aldatuko da, naturak izaera berri bat sortzeraino: giza izaera berri bat. Ideia berri bat. Oregik kontatu duenez, “naturak, irudimenak bezala, berehala egiten du bidea abandonatutako lekuetan. Edozein zirrikitu bilatzen du kimatzeko, ekosistema eraldatzeko eta geure burua eraldatzeko”. Posible al da naturarekin bestelako harreman bat izatea? Posible al da beste giza izaera bat?.
Kimu instalazio artistiko baten sorkuntzan amaitzen den ikuskizun bat da: “ikusleen begien aurrean sortuz joan den etorkizuneko naturaz osatutako mikrounibertso baten sorkuntzan. Soinu, usain, argi eta itzal, laino eta argien unibertso bat, tamaina errealak eta miniaturazkoak dituena, sorpresaz beteriko mundu bat, iritsi ezinak diruditen lekuz osatutakoa”.
Konpainiaren hamargarren urteurrena
Kimu obraren estreinaldia baino lehen, ostegunean, Marie de Jonghek Amour taularatuko du berriz ere Arriaga Antzokiko agertokian, 2015eko abenduaren amaieran estreinatu zen Bilboko antzokian. Garai hartan, Amour, erronka handinahi bat izan zen, zeinak haurrek eta helduek elkarrekin goza dezaketen antzerkiari balioa eman nahi izan baitzion (baita lortu ere). Familiei zuzendutako ikuskizun bat da eta 7 urtetik aurrerako publikoarentzat gomendatuta dago. Antzezlanak arrakasta handiz planteatzen du haurrentzako helduen antzerkia eta, aldi berean, helduentzako haurren antzerkia ere bada. Ikuskizuna Tartean-Marie de Jongh (konpainiaren izen zaharra) eta Arriaga Antzokiak ekoitzi zuten, Basauriko Social Antzokiarekin eta Donostia Kulturarekin batera.