Lautan Hiru: antzerki txikia, festibal handia egitasmoaren zortzigarren edizioa lau ostegunetan egingo da (otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an), eta, guztira, zortzi ikuskizun eskainiko dira. EHAZErekin batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio.
Aurten ere indartsu dator Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Urtero legez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertu nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, euskal antzerkilariei plaza berriak eskaini beraien lanak erakuts ditzaten. Aurreko aldietan bezala, lau astez eta ostegunetan egingo da ekimena: guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio.
Hala, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an egingo da Euskaltzaindiak, Tartean Teatroak, Bira Kulturguneak eta 7Katu gaztetxeak antolatu duten jaialdia. Eszenatokiei dagokienez, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, Bira, Cafe Bar Bilbao, 7Katu eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, lelo zirikatzaile hau baliatuz: Iparra galdu dugu!, “dei apokaliptiko samar horrekin, Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerki profesionalak bizi duen egoera kaskarra salatu nahi da, eta, bide batez, bertan egiten diren lanak ezagutzera eman, modu xumean bada ere”, adierazi du antolakuntzak.
Aurtengo leloak antzerkia bera egiteko beharrezkoa den zoro puntuari ere egiten dio keinu, “euskaraz sortzearen ausardia ia suizidari, eta, nola ez, eszenatokira igo eta askotariko pertsonaien larruan sartzeko behar den erotze-puntu horri egiten zaio gorazarre”, nabarmendu dute.
Hortaz, bi ikuskizun berezi emango dira Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa. Halaber, eta iazko esperientziari eutsiz, apirilaren 17an antzerki-gaualdia izango da Baionako Biltxoko espazioan (19:00etan). Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin antolatu du gaualdia, eta Bilbon emandako bi ikuskizun ikusteko aukera izango dute Ipar Euskal Herriko antzerkizaleek, hain zuzen, Hirigarairen Hautagaia eta Gehibat antzerki konpainiaren Zaku berekoak.
Antzerki-ekoizpenari laguntza
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen. 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso zuen, Beren izenez lanagatik, eta 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu zuen, Alferrak, tunanteak, maleanteak piezarekin.
2025eko laguntza, berriz, Gehibat konpainiak eskuratu du, Zaku berekoak antzezlanagatik. Ohi den legez, azken hori jaialdian estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Horretaz gainera, beste hiru lan estreinatuko dira jaialdiaren eskutik: XXIII. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin (Xabi Payaren Ganbarako lana) eginiko irakurketa dramatizatua; 7Katu gaztetxearekin batera ekoiztutako Goiuri… grabatzen! pieza; eta Pantzo Hirigarairen Hautagaia.
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Bi ikuskizun hautatu dira horretarako, hain zuzen, otsailaren 12an Biran emango den Igogailu batean amaitu zen mundua (amaHiru konpainiarena), eta otsailaren 26an 7Katu gaztetxean emango den Adriene-Bergson-Johnson bakarrizketa (Itzuli konpainiarena). Ikuskizun horiek amaitu ostean, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango dute zaleek, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.
Sarrerak eta zozketak
Iazko sistemari jarraituz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira: ikuskizuna ematen den espazioan zabalduko dira leihatilak, ordubete aurretik (honela, ikuskizuna 19:00etan bada, 18:00etatik aurrera sarrerak erosteko aukera izango da). Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
Egitaraua osorik, hemen.