Euskal Herri osoko marrazkilariak Donapaleun elkartuko dira larunbatean, Sketchcrawl ekimenean

Deialdia irekia eta parte-hartzailea izango da, “ez dago lehiarik eta guztiok partekatuko ditugu jakituriak eta gabeziak”, azaldu du antolakuntzak.

Euskal Herri osoko marrazkilariek hitzordu berezia izango dute larunbatean, urtarrilaren 31, Donapaleun egingo den Sketchcrawl ekimenari esker. Euskal Herria Sketchcrawl taldeak antolatu du ekimena eta bertako kideek azaldu dutenez, “parte-hartzaileek koaderno batean jasoko dute begien aurrean daukatena. Modu honetan, lagin grafikoak sare sozialetara igoko dituzte eta lau haizetara zabaldu”.

Deialdia, ohi bezala, irekia, parte hartzailea, horizontala eta hierarkiarik gabekoa izango da: “ez dago lehiarik eta guztiok partekatuko ditugu jakituriak eta gabeziak.

Momentuz, Nafarroa Beherea, Lapurdi, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaikoak dira izena eman duten marrazkilariak, baina badago Asturiasetik (Estatu espainiarra) hurbilduko denik ere”, adierazi du antolakuntzak.

Bergara eta Iruñeko zenbait marrazkilarik bultzatuta, Euskal Herria Sketchcrawl taldearen lehen edizioa 2011n egin zen Donostian. Ondoren, Balmaseda, Iruñea, Ea, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Hendaia, Gasteiz, Aramaio, Bilbo, Karrantza, Eugi, Lekeitio, Eibar, Amurrio, Sestao, Leitza, Altsasu, Dulantzin izan dira.

Euskal Herria Sketchcrawl taldearen egitura deszentralizatua da, horregatik antolatzeko ardura hitzordu batetik bestera aldatzen da. Edizio berri honetarako, Gorka Belasko marrazkilari eta Beurko institutuko irakasleak hartu du kudeaketaren ardura. Aldez aurretik Donibane Lohizunen eta Hendaian gidatu zituen topaketak.

Egitaraua

Ekimena 10:00etan abiatuko da Donapaleuko Pilotalekuan. Bertan egingo dute taldearen lehenengo argazkia, inguruko bazterretatik murgildu baino lehen. “Bertako elizak, eraikinak, eta hiriko azpiegiturak aproposak dira irudi ederrak sortzeko”, nabarmendu dute antolatzaileek.

11:45ean, berriz, Merkatuko plaza elkargunea bilakatuko da. Marrazkilari bakoitzak nahi duena egin dezakeen arren, 360⁰ perspektiba bat sortzeko proposamena egin dute antolatzaileek, “baten batentzat trinketea izan daiteke interesgarria”.

Bazkaria Auverge du Forail jatetxean egingo dute aldez aurretik izena eman dutenek.

Ondoren, Bideak Kulturgunea bisitatzeko aukera egongo da. Baita Arnaut Oihenart idazle, abokatu, historialari eta politikariaren etxea (Maule, 1592–Donapaleu, 1668) ezagutzeko beta ere. Euskal idazle klasikoen artean elizgizona izan ez zen bakarrenetako da Oihenart.

Amaitzeko, 18:00etan, Gibraltar kalean agurreko argazkia egingo dute Gibraltar kalean.

Hurrengo hitzordua apirilaren 26an egingo dute Azpeitian.

Euskal Herriko marrazkilariak Donapaleun aritzen diren bitartean, hainbat kontinente eta herrialdetan milaka pertsona egongo dira marrazten aldi berean”, azaldu dute antolatzaileek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna