Bertsozale Elkarteak ‘Bapatean 2025’ bilduma plazaratu du

Aurtengo edizioari Maika Etxekopar Lougarotek egin dio aitzinsolasa, Bapatean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2025k 709 bertso dakartza; 75 bertso saiotako 93 bertsoalditan multzokatuak.

Bertsozale Elkarteak urteko bertso bilduma paperean kaleratuko du aurtengoan ere. Bertako kideek nabarmendu dutenek bazkideek doan eskuratu dezakete bilduma jada. Horretarako, www.bertsozale.eus atarian argitaratutako formularioa bete beharko da otsailaren 5a baino lehen, eta Bapatean 2025 etxean jaso nahi dela adierazi.

2025eko Bapateanek dakartza, besteak beste, Euskal Herri osoko bertso plazei buruzko informazioa, eskualdearen araberako saio kopuruak, aldizkako saio zein sariketen berri eta Xenpelar Dokumentazio Zentrora (XDZ) grabatuta iritsi diren bertsoaldien hautaketa bat. Lurraldetasuna, generoa, belaunaldiartekotasuna, saio mota, doinu berriak… bezalako aldagaien baitan hobetsitako bertsoaldiak dira, beti ere, bertsolari bakoitzaren saio kopuruan oinarrituta.

Bertsoaldiei dagozkien audioak eskuratu nahi izanez gero, fitxa berean dago eskaria egiteko aukera.

Aurtengo edizioari Maika Etxekopar Lougarotek egin dio aitzinsolasa, Bapatean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2025k 709 bertso dakartza; 75 bertso saiotako 93 bertsoalditan multzokatuak. Gainera, bertsoaldi bakoitzari dagokion informazioa ematen da: gai, doinu, parte hartzaile, antolatzaile… bai eta saio bakoitzaren testuinguruari buruzko zertzeladak ere.

Liburuko bertsoaldien corpusak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen ditu; txapelketakorik ez dakar, ez bada herrialdeetako txapeldunen agurra edo gazte sariketatan kantatutakoak.

Bertsozalek nabarmendu duenez, “anitz jenderen lanaren emaitza da liburu hau. Borondatezko grabatzaileen zerrenda luzea da eta guztioi esker jaso ahal izan dira grabazioak eta potretak. Beraz, eskerrik beroenak bihotz-bihotzez saio erdi, oso bat edo hamaika grabatu, edo argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuen hainbeste bertsozaleri”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna