Olaia Inziarte

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira, musika jaialdia antolatu dute martxoaren 13an, Gasteizen

Olaia Inziarte, Izaki Gardenak eta Nhil Jimmy Jazzeko agertokira igoko dira M3moria zuzenean izeneko jaialdian.

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira, Gasteizko Jimmy Jazz aretoak jaialdi berezi bat hartuko du martxoaren 13an: M3moria Zuzenean jaialdia. Martxoak 3 elkartea arduratu da ekimena antolatzeaz eta, bertan, Olaia Inziarte, Izaki Gardenak eta Nhil talde eta bakarlariek hartuko dute parte, egitarau zabalaren baitan.

1976ko martxoaren 3an Luis Llachek Campanadas a mort konposatu zuenetik, martxoaren 3ko sarraskiari erreferentzia egiten dioten 46 abesti zenbatu dira. Hori dela eta, elkarteak urteurrenean musika ere presente egotea nahi izan du.

Olaia Inziarte Oronoz herritik dator eta 2022an ekin zion bakarkako ibilbideari Lehengo Lepotikan Burua diskoarekin. Pare bat urte geroago, Zerrautsa lana argitaratu nuen.

Izaki Gardenak 2012an sortu zen Jon Basagurenen abestiei forma emateko. Urte horretan bertan argitaratu zuten Itsasargiak, bost abestiko EPa. Harrezkero, hiru disko eta hainbat single argitaratu dituzte. Azken diskoan Herio kantua sartu du, blues moduan martxoaren 3ari erreferentzia zuzena egiten dion kantua, sarraskiaren agertoki berean hartualdi bakarrean eta zuzenean grabatu zena.

Azkenik, Nhil musikari aretxabaletarra 2017ko abiatu zuen bere musika ibilbidea, pop soul funk finduaren aldeko proposamen batekin. 2020an lehen lana argitaratu zuen, eta bi urte geroago Bizi Bagina Bezala diskoa aurkeztu zuen, Mikel Etxaburu, Lide Hernando eta Joseba Aparicio musikarien kolaborazioekin. Taldea itzuli berria da Etxea izeneko lan berriarekin.

Sarrerak salgai daude jada eta emanaldia amaitutakoan, Beat Artean taldeak biniloak jarriko ditu areto berean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna