Musika Bulegoa elkarteak antolatutako sarien hamargarren edizioak 160 lan jasota itxi du proposamenak aurkezteko epea.
Euskal Herri osotik iritsitako lanak dira denak, eta estilo, formatu, hizkuntza eta profilen aniztasun zabala islatzen dutela dio Bulegoak. Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 4an izango da, Biarritzeko Atabal aretoan.
Jasotako proposamenen jatorriari dagokionez, proiektuen %42,5 Gipuzkoatik iritsi dira, ondoren Bizkaitik (%30,6) eta Nafarroatik (%13,8). Halaber, Iparraldetik (%7,5) eta Arabatik (%5,6) ere jaso dira, deialdiaren izaera zeharkakoa eta askotarikoa berretsiz.
Bestetik, disko osoek osatzen dute proposamenen erdia baino gehiago (%51,3). Ondoren datoz abesti bakarreko lanak (%16,9), EP edo iraupen laburreko diskoak (%12,5) eta zuzeneko lanak (%10). Era berean, idatzizko obra musikalak (%3,1), soinu bandak (%1,9) eta beste formatu batzuk (%4,4) ere aurkeztu dira.
Musika estiloen atalean, pop-rocka da nagusi proposamenen artean (%25). Ondoren datoz musika alternatiboa/indie-a (%10,63) eta folkâworld music-a (%10,63).
Musika Bulegoak musika klasiko garaikidearen presentzia ere nabarmendu nahi izan du (ia %9), baita musika elektronikoa (%7,5) ere. Gainerako proposamenak beste estilo eta fusio batzuen artean banatzen dira, edizio honen sormen-aniztasuna indartuz.
Hizkuntzei dagokienez, euskara da nagusi, lanen %68,1ean agertzen baita. Gaztelania proposamenen %11,9an entzun daiteke, eta %7,5 lan instrumentalak dira. Gainerakoek beste hizkuntza batzuk edo formatu eleanitzak uztartzen dituzte.
Genero-irizpideari dagokionez, proiektuen %50,6 emakumeek gidatutakoak edo gehienbat emakumeek osatutakoak dira; gainerako %49,4an, berriz, ez da genero-irizpiderik ezarri, deialdian parte-hartze orekatua islatuz.
Sariak
- Zortzi sari, epaimahai profesional batek aukeratuak.
- EHMBE Ohorezko Saria, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak emana.
- Etxepare Euskal Institutua Musikaren Saria, Etxepare Euskal Institutuak hautatua, nazioartekotze eta kanpo-proiekzio irizpideak kontuan hartuta.
- Eta Publikoaren Saria, herritarren parte-hartze zuzena ahalbidetuko duena.