Oihana Arana (argazkia: Kultur Sharea)

Oihana Arana, Ane Labaka, Josu Ozaita, Iban Garro, eta Ilargi Aristondo idazleek egonaldi bana egingo dute Getaria eta Lesakako ostatuetan

Getariako eta Lesakako hainbat turismo-baliabide idazleen zerbitzura jarriko dira, “haiek euren sormen lana kontzentratuta eta distrakziorik gabe lan egiteko aukera izan dezaten”. Honakoak dira egitasmoan parte-hartzea erabaki duten ostatuak: San Prudentzio hotela, Saiaz hotela eta Katukale apartamentuak Getarian, eta Pikukoborda eta Ekaitza ostatuak Lesakan.

Joan den azaroan, Getariako eta Lesakako Udalek, herriko ostalariekin batera, idazleentzako egonaldietan parte hartzeko deialdia egin zuten. Tarte horretan, zortzi proiektu jaso dituzte. Horietatik, sormen prozesuan dauden poema bilduma bat (Oihana Arana), eleberri bat (Ane Labaka), etnografia lan bat (Josu Ozaita), elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko dituen lan bat (Iban Garro lesakarrarena) eta saiakera bat (Ilargi Aristondo) hautatu ditu epaimahaiak.

Lesakan egonaldiaz gozatu ahal izango duten egileen artean Oihana Arana (Eskoriatza, 2001) dugu. Bere lana otsailaren 2tik 7ra garatu ahal izango du, Lesakako Pikukobordan. Dolu prozesu batetik abiatutako poema bilduma bat da Bi urtetan idatzitako poemekin ondua, aitaren heriotzaren ondorengo bizitzaren nondik norakoetan arakatzen dute poemek. Doluan dagoen pertsona baten egunerokotasuna kontatzen da. Proiektua amaiera fasean dago eta 2026ko udaberrirako aurreikusten du lanaren argitalpena. Poema zuzendu, berridatzi, ordenatu eta izenburua pentsatzeko baliatu nahi du egonaldia.

Ilargi Aristondok (Oiartzun, 1996), berriz, Lesakako Ekaitza ostatuan garatuko du lana, azaroaren 15etik 20ra. Egileak humanoen eta suaren arteko harremana aztertzen duen saiakera bat proposatzen du, Euskal Pirinioan egindako suaren ikerketa antropologikoan oinarrituta. Egonaldian, landa-lanean jasotako testigantzak eta material etnografikoa berridatziko ditu, idazkera akademikotik aldendu eta hizkuntza narratiboago baten bidez publiko zabalago bati zuzendutako liburuxka batean plazaratzeko.

Getariako egonaldiak

Getariako egonaldiei dagokienez, Ane Labaka bertsolaria eta idazlea (Lasarte-Oria, 1992) izan da hautatutako egileetako bat. Labaka Itzuri eleberria garatzeko ariko da San Prudentzio hotelean, 2026ko martxoan. Bi denbora-lerro harilkatzen dira eleberri honetan. Helduarora iritsita, egunerokotasunaren itxurazko lasaitasunaren azpian sortzen diren tentsioak eta agindu sozialak aztertzen dituen eleberria da. Bartzelonatik jaioterrira itzulita, Ainhoak bikotekidearen herrian igarotako urte batez helduaroko erabaki nagusiei egin behar die aurre: egonkortasuna, amatasuna, lana eta harremanak. Lau urtarotan zehar, galerak, loturak eta identitatea berrantolatzeko prozesua kontatzen du eleberriak.

Josu Ozaita antropologoak (Ibarra, 1980), bere aldetik, Getariako Saiaz hotelean egingo du sormen egonaldia, martxoan. Etnografia Getarian lana garatzeko baliatuko du egonaldia, parrillaren eta itsasoaren inguruko bizimoduak, jakintzak eta atmosferak aztertzen dituen etnografia, tesi baten baitan eta Jose Miguel Barandiaran Katedraren babesarekin.

Azkenik, Iban Garrok (Lesaka, 1974) Getariako KatuKale apartamentuan egingo du sormen egonaldia. Begiak kentzen dizkidazu lana garatzeko ariko da azaroan. Lan honetan, nerabezaroan gertatzen den eskola jazarpenari buruz hausnartzen du egileak, bai jazarriaren bai jazarlearen ahotsetik. Idazleak elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko ditu bere lan honetan, kontakizun berari hiru dimentsio emateko, bi kokapen nagusitan girotutako kontakizunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna