Zazpikiak bat komiki bilduma izan da argia ikusten lehena. Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai Hankabako, Asier Iturralde Gaston, Eñaut Aiartzaguena, Eneritz Ibarra eta Amane Apalategi egileek iazko azaroan aurkeztu zuten.
Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur egitasmoaren hirugarren edizioak eman dituen fruituak aurkeztu zituen ostiralean. Bertan, parte hartu duten 46 udalerrietako zenbait ordezkari izan ziren.
Xabier Lertxundi alkateak egin zuen harrera, herriaren izenean. Ondoren, Udalbiltzak hartu zuen hitza: Haritz Alberdi lehendakaria eta Clara Rouget zuzendaria igo ziren oholtzara, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. “2020an, egitasmoa sortu zenetik, helburu bakarra izan du egitasmo honek: Euskal Herrian euskaraz sortutako lanen eskaintza handitzea, eta sortzaileei euren sormena garatzeko espazioa eta baliabideak ematea”, azaldu zuen Alberdik. “Hiru edizioren ostean, pozez esan dezakegu Euskal Herriko sormenaren egoera oparoa, askotarikoa eta osasuntsua dela”.
Rougetek adierazi zuenez, “Geuretik Sortuak bezalako proiektuak ez lirateke aurrera aterako, Euskal Herriaren luze-zabalean euren konpromisoa adierazi duten udalerri horiek gabe. Proiektu honen funtsa, sortzaileak euren bizilekuetatik atera eta, Euskal Herriko herri edo herri multzo batean, sormen egonaldi bat egin dezaten bermatzea da; eta hori udalerrien borondatearekin soilik atera daiteke aurrera”.
30 lan
2025eko azaroan Zazpikiak bat komiki-bilduma argitaratu zen arren, eta antzezlan batzuen estreinaldiak 2026ko urtarrilean egin diren arren, Udalbiltzak otsailaren hasierara arte itxaron du zirkuituaren aurkezpena egiteko. Izan ere, alor bakoitzeko lanen entregatzeek epemuga ezberdinak izan dituzte. Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek aurkeztu zituen hirugarren aldi honetako sormen egonaldietatik jaio diren 30 lanak.
Hala, kronologiari erreparatuz, komikigintza izan da argia ikusi duen lehen alorra. Zazpikiak bat lanaren baitan, zazpi komikigileren lanak bildu dituzte: Eñaut Aiartzaguenak Etxarri-Aranatzen eta Ataunen ondu du Legez kanpo lana; Amane Apalategik, Euskara eta gu sortu du Hernanin; Uxue Bereziartuak Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko Neskato onak irudikatu ditu; Usue Egiak, Legorretatik, Zeruaren erdian; Hankabakok, Bi zakur lana sortu du Ziortza-Bolibarren; Eneritz Ibarrak Begi hütsez ezin ikusi Atharratzen; eta Gastonek, azkenik, Gastronomika Mutrikun.
Antzerkigintzan, zortzi lan garatu dira oraingoan. Infinitudrama konpainiak Promesarik txikiena, Leitzan eta Berastegin; amaHiru konpainiak Etxea lana Hiriburun; Zelako Kultur Ideiak-ek Izeba Txirrita Astigarragan; KulturarteCo.-k Frankopoleon Plentzian; Argimalutak-ek Txondor plaza Berriatuan; Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian Muxikan eta Ajangizen; Metrokoadrokak Bi baso bat ur Galdakaon; eta Jon Ander Urrestik eta Matxalen de Pedrok Kolapsoa Usurbilen.
Literaturari dagokionez, Hamaika irakurtzeko jaioak izenburupean argitaratu dira edizio honetako hamaika ipuinak. Horiek sortzeko, Atxondon egon da Miren Artetxe Haize-lekua ipuina idazten; Gorlizen sortu du Liztorren akabera Maitane Perezek; Amasa-Villabonan izan da Maitane Nerekan, Maitasunak mozolo aurpegia du ipuina sortzen; Nafarroako Goi Erriberan idatzi du Zigor Garrok Parfait amour; Baigorrin idatzi du Kafe asko, eta ona Naia Arantzamendik; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan sortu du Oier Guillanek Kalekumea; Ikaztegietan idatzi du Peru Calabazak Atizabalik; Oiartzunen idatzi dute Erraietako tximeleta Saioa Iribarrenek eta Ander Basalduak; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan, Goiz Eder Iturainek Etxe dotore aunitz ipuina sortu du; Asparrena eta Ziordian izan da Ixabel Agirresarobe Hau, hori, (h)ura kontakizuna sortzen; eta Ortzaizen idatzi du Hotsak Garazi Albizuak.
Amaitzeko, zinegintzaren esparruan, lau film laburrek ikusi dute argia Geuretik Sortuak bekari esker. Lau haizeetara izenburupean, honako lanak ondu dituzte sortzaileek: Alba Lozanok Aho beltza Zumaian; Raul Barrerasek Bitartean, gero Baztanen; Aitor eta Izaro Arrutik Mintzo zen Elorrion; eta Olatz Ovejerok, Ikusi Makusi Larrabetzun.
Lan hauen guztien aurkezpen eta emanaldiez non eta noiz goza daitekeen jakiteko, bide ezberdinak daudela argitu zuen Osesek. Interesa duen orok Udalbiltzaren webguneko agendan egin dezake kontsulta; Aldiz, soilik Ipar Euskal Herriko nondik norakoak jakin nahiko balitu, EKE erakundearen agendara jo dezake. Hamaika Telebista eta Kanaldude ere egitasmoaren komunikazio-zabalkundean laguntzen ari dira, lankidetza-hitzarmen bidez.