Otsailaren 12tik 15era izango da eta, besteak beste, lau ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da.
Azken urte hauetan, konpainia jaio berrien lanen testigu izan da Bilboko Pabellon 6. Hari horri tiraka, Emergenteen zikloa antolatu dute, panorama eszenikoa birdefinitzen ari diren sortzaileei ahotsa emateko asmoz. Bertako kideek azaldu dutenez, “proposamen ausarten bidez, gure errealitatearen aniztasuna eta konplexutasuna erakusten duten gai garaikideak jorratzen dituzte sortzaile hauek”. Zikloa lau ikuskizun eta sortzen ari diren konpainiekin egingo den topaketa batekin osatuko da, eta arte eszenikoen inguruko elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko aukera eskainiko du. Gainera, emanaldien ondoren, solasaldi bat izango da publikoarekin.
Otsailaren 12tik 15era
Zikloa otsailaren 12an, osteguna, hasiko da, Nadie sabe lo que sufre un caracol, memoria, musika eta mugimendua uztartzen dituen lanarekin. Clara Chaconek Lo que queda mañana bere bigarren liburuko hitzak eszenatokira eramateko beharratik sortu da proiektu hau, gogoeta egitera gonbidatzen duen ez-errezitaldi batean.
Ostiralean, berriz, Ane Sagues Abadek eta Cristina Tomas Olayak osatutako Las Nenas konpainiak Manual para dos cuerpos desorientadxs aurkeztuko du. Hitzaldi performatibo honek gorputzen aurkako indarkeria estrukturalaren forma desberdinak jorratzen ditu. Ikerketa prozesu baten emaitza den eskuliburu teoriko batetik abiatuta, indarkeria estetikoaren eta irudiaren diktaduraren kontzeptuen inguruko hausnarketa aktibatzen du. Zer da gorputza? Zein da nire esperientzia gorputz bihurri gisa? Zer gatazka ditut nire gorputzarekin? Zer disidentzia ditut? Zer aukera ditu nire gorputzak?…
Larunbatean, otsailak 14, Harreman konpainiaren Enbor(R)Rak antzezlanaren txanda izango da. Pieza honek antzerkia eta dantza uztartzen ditu. “Gure proposamenaren ardatz nagusia herriko jaietako egun bat da, plaza batean gertatzen dena. Herriko jaiak dira bakoitzaren erroari eta tradizioari egiten diogun ainguretako bat. Nolabait jende askori dei egiten dion zerbait da, eta gure jatorrizko tokiarekin zuzenean konektatzen gaitu”, adierazi du konpainiak.
Zikloari amaiera emateko, igandean, Libe Estebaranz Leizearen Mina espazio antzezlana ikusteko aukera egongo da. Oroitzapenezko topaketak pizteko ekimena da, Mina Espazioa itxi eta 25 urtera sortzaileak elkarrizketan jarriz. Mina Espazio (1997-2000) diziplina anitzeko espazio alternatiboa izan zen, eta 70eko hamarkadaren hasieran jaiotako euskal artista gazteei sormenezko komunitate eta esperimentatzeko leku bat eraikitzeko aukera eman zien.
Ziklo hau Konpainia Emergenteen I. Topaketarekin osatuko da. Gazte Konpainiak antolatu eta gidatuko du hau, eta gaur egungo eszena birdefinitzen ari diren profesionalen arteko lotura-puntu bat sortzeko sortu da, hizkuntza eszeniko berriei eta gaur egun gazte sortzaileak interpelatzen dituzten errealitateei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa sustatuz. Hitzordua otsailaren 14an, larunbata, izango da, 10:30etik 13:30era, Pabellon 6 aretoan. Sarrera librea izango da baina erreserba egitea beharrezkoa da. Informazio guztia www.pabellon6.org webgunean dago eskuragarri. Ostegun, ostiral eta larunbateko emanaldiak 19:30ean izango dira eta igandekoa 12:00etan.