Antzerkia, dantza, poesia, musika eta pintura eskainiko dira. Sarrerak bihar jarriko dira salgai gizarte-etxeetan eta kirol-instalazioetan. Internet bidez ere erosi ahal izango dira.
Auzo Eszenaren aurtengo lehen denboraldia otsailaren 22tik maiatzaren 24ra izango da gizarte-etxeetako ekitaldi-aretoetan. Bertan, antzerkia, dantza, poesia, musika eta pintura bezalako diziplinetako zazpi proposamen eskainiko dira.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak adierazi duenez, “2024-2028 Kultura Plan Estrategikoaren helburuetako bat da auzoetako kultura indartzea eta eskaintzaren deszentralizazioa sustatzea. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da auzo bakoitzeko gizarte-etxeetan egiten den lana. Programa hau espazio horietan antolatzen den programazio kulturalaren arrakasta handietako bat da, ez bakarrik publikoaren eta parte hartzen duten taldeen artean duen harreragatik, baita proposamenen kalitateagatik eta originaltasunagatik ere”.
2025ean, deialdi publikoa egin zen Gasteizko antzerki- edo artista-talde ez-profesional guztiek beren proposamenak aurkez zitzaten. Deialdira 16 proposamen aurkeztu ziren eta haietako zazpi denboraldi honetan ikusteko aukera egongo da. Gainerakoak, berriz, urria-abenduko denboraldian. Denboraldi honetan, honako hauek izango dira eskainiko diren lanak:
Otsailaren 22an (Arriaga), Handicap Gasteiz pop rockeko taldeak Handicap rhapsody ikuskizuna aurkeztuko du. Musika- eta antzerki-pieza bat da, eratzen ari den musika-talde bateko kideak eszenaratzen dituena. Beren buruari galdetzen diote zer estilo eskaini nahi dioten publikoari, eta taldekide bakoitzak bere gustuak inposatzeko borrokatuko da.
Martxoaren 1ean (Aldabe), Anankek taldeak poesia zuzeneko musikarekin, dantzarekin eta pinturarekin nahastuko du Discrepa izeneko ikuskizunean.
Martxoaren 15ean (Zabalgana), Baidefeis taldeak 21 días en Tinder antzezlana taularatuko du.
Apirilaren 19an (Zabalgana), Cuatro ojos antzerki-taldeak Las comadres piezarekin igoko du oholtzara.
Maiatzaren 9an, (Arriaga), Teatrearte taldeak Un millón de razones lana eskainiko du.
Maiatzaren 10ean (Salburua), Biziarteren La sesión komedia dramatikoaren txanda izango da.
Azkenik, maiatzaren 24an (Aldabe), La claqueta taldeak Amores de nuestra tiempo lana eskainiko du.
Sarrerak bihartik, otsailak 11, aurrera eskuratu ahal izango dira gizarte-etxe eta kirol-instalazio guztietan (frontoietan izan ezik) aurrez aurre edo Internet bidez, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte.