'Ipuinak lorategi magikotik' filma

Giza Eskubideen Zinemaldiko eskola-saioetan eta Gazte Epaimahaian izena emateko epea zabalik da

Martxoaren 26ra arte egongo da izena emateko aukera bietan. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Animalien eguberri magikoa, Ipuinak lorategi magikotik eta Faisaien Irla pelikulen eskaintza luzatu zaie.

Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia apirilaren 23tik 30ra izango da eta, dagoeneko, zabalik da bai eskola-saioetan bai Gazte Epaimahaian izena emateko epea.

Eskola-saioi dagokienez, ikastetxeek izena eman ahal izango dute Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei Animalien eguberri magikoa, Ipuinak lorategi magikotik eta Faisaien Irla pelikulen eskaintza luzatu zaie. Proiekzioak Antzoki Zaharrean izango dira, apirilaren 20tik 29ra goizeko 10:00etan. Eskaintza doakoa izango da eta ikastetxeek www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman ahal izango dute izena martxoaren 26ra arte.

Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua. Faisaien Irla filmaren kasuan, Asier Urbieta zuzendariak hartuko du parte bertaratutako gazteekin.

Gazte Epaimahaia

18 eta 30 urte bitarteko ehun gazte inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia, Giza Eskubideen 23. Zinemaldiko Film Labur Onenaren Saria emateko.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman beharko da eta epea, oraingoan ere, martxoaren 26ra arte izango da.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute. Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Victoria Eugenia Antzokira joan beharko dute apirilaren 22n, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, (19:00/19:30) Victoria Eugeniako saioen %80ra joan beharko dute”.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna