Irati Jimenez Olaso Dorrea Fundazioko presidenteak nabarmendu du Castells “erreferentziazko legelaria” dela, eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. “Behartsuen aldeko konpromiso etikoari” eutsi izan diola azpimarratu du.
Miguel Castells Artetxek jasoko du Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak batera antolatzen duten ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria’.
Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua da Castells. Busturian jaio zen 1931n, eta gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: ama bost urterekin galdu zuen, eta Terueleko bataila galdu ostean, aita kartzelaratu egin zioten.
1956tik aurrera abokatu aritu da, eta ordutik “ahulen alde lan egitea” hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. 1960ko hamarkadan, ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen.
Bere ibilbidean nabarmenak dira, besteak beste:
• Txiki-ren testamentu politikoa 1975ean Modelo kartzelatik Euskal Herrira ekarri izana.
• Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetako bat izatea.
• 1983an urtebeteko espetxe zigorra jasotzea Punto y Hora aldizkarian tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik, eta auzia 1992an irabaztea Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
• Euskal errefuxiatu deportatuen babes politiko eta juridikoan egindako lana.
• Ofiziozko abokatu gisa 60 urteko jardunagatik, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kondekorazioa jasotzea (2020).
Irati Jimenez Fundazioko presidenteak nabarmendu du Castells “erreferentziazko legelaria” dela, eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. “Behartsuen aldeko konpromiso etikoari” eutsi izan diola azpimarratu du.
Sari banaketa ekitaldi irekia martxoaren 10ean, 18:30ean, egingo da Bergarako Seminarixoan.