San Martin Agirre ikastetxeko LUK taldea izan da Emakume Zientzilarien IV. Lehiaketako irabazlea. Unai Guillon Iñarrak, Kattalin Cenitagoya Apraizek, Luisana Antolinok eta Lier Ninek osattzen dute taldea. Lanak Uxue Lazkano zientzialari bergararraren elkarrizketa du erdigunean.
Bergarako Laboratorium Museoa emakume zientzialarien eta hezkuntzaren arteko topagunean bilakatu da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Zientzia emakumeona ere badela aldarrikatuz, emakume zientzialari erreferenteak eman dira ezagutzera Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketan. Genero berdintasunari buruzko gogoeta egin da museoan.
Ainhoa Lete Bergarako Udaleko alkarteorde, Berdintasun eta Laboratorium Museoko zinegotziak eta Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak, banatu dizkie aurtengo sariak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei. Zientziarekin jolasean hasita emakume zientzialari erreferenteak izatearekin egiten dute amets.
Errazkinek nabarmendu duenez, “Laboratorium Museoa berdintasunarekin, hezkuntzarekin eta dibulgazio zientifikoarekin erabat konprometituta dago. Gaur egun berezia da zientziaren arloan lanean ari garen emakumeontzat, baina guk, gure eguneroko jardunaren bidez egunero jartzen dugu praktikan gaur egiten den aldarria. Zientzia emakumeona ere badelako”.
Letek, bere aldetik, “zuek ez zarete etorkizuneko zientzialari hutsak: gaurdanik ari zarete ekarpenak egiten, aurkikuntza txiki baina esanguratsuen bidez, galdera ausartak planteatuz eta konponbide berriak pentsatuz. Zuek egiten duzuen lanak bidea zabaltzen du beste neska askok ere zientziaren munduan euren lekua ikusteko, eta hori oso aberasgarria da bergararrontzat”, adierazi du.
Emakume Zientzilarien IV. Lehiaketa
Antolatzaileen arabera, aurtengo lehiaketak “inoizko parte hartzerik handiena” izan du eta, orotara, 84 ikaslek 23 lan aurkeztu dituzte. “Proiektuak askotarikoak izan dira, bai formatuari dagokionez, baita gaiari dagokionez ere, zientziaren eta ikerketaren hainbat esparru jorratuta”.
Ikasleek Marie Curie, Lise Meitner, Hedy Lamarr, Margarita Salas, Valentina Tereshkova, Elena Garcia, Ana Zubiaga, Uxue Lazkano etab. bezalako emakume zientzialariak bilakatu dituzte protagonista. Tokikoak zein mundu mailakoak. “Zientziaren bitartez mundua aldatzen duten eta aldatu duten emakumeak” adierazi dute.
Irabazlea San Martin Agirre ikastetxeko LUK taldea izan da: Unai Guillon Iñarra, Kattalin Cenitagoya Apraiz, Luisana Antolino eta Lier Nin. Lanak Uxue Lazkano zientzialari bergararraren elkarrizketa du erdigunean. “Aurtengo edizioak, marka guztiak hautsi ditu eta lehiaketa erreferentziazko ekimen gisa finkatu da”.
Bergarako Museoak genero berdintasunarekin, hezkuntza zientifikoarekin eta belaunaldi berrien inspirazio-iturri izango diren emakumezko erreferenteen sustapenarekin duen konpromisoa indartu du.
“Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” aldi baterako erakusketa bisitatzeko azken eguna datorren otsailaren 15a, igandea, izango da. Parke Teknologikoak sustatutako erakusketa da, eta Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da.
Erakusketak zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak jartzen ditu erdigunean, emakumeek gizartearen aurrerapenean egindako ekarpenei ikusgaitasuna emanez. Iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez, askotan ikusezin bihurtu diren lanak balioan jarri eta belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzea du xede.
Emakumeak Zientzian ekimenaren baita, datorren martxoaren 12an, 10:00etan, Seminarixoan, Etorkizuneko industria inspiratzen duten emakumeak izeneko mahai-ingurua egingo da. Saioak industrian emakumeek duten papera, sektoreko egungo erronkak eta industria anitzago eta inklusiboago baten alde erreferente femeninoak sortzearen garrantzia izango ditu ardatz.