Berrehun eraikin ingururi buruzko informazioa ematen da 800 irudiren bitartez.
Galdu genuen hiria erakusketak 1950etik gaur egunera arte Donostian eraitsi diren eraikinei buruzko dokumentazio grafikoa biltzen du. Ancora Elkarteak antolatu du eta bere esanetan, “Donostiar askok lotura emozionala dute hiriko eraikin historikoekin eta, ondorioz, interes publikoaren eta espektatiba pribatuen arteko talka sortzen da ondare horren kontserbazioaren harira”.
Argazki historikoek eta arkitektura-planoek zazpi hamarkadatan hirian izandako aldaketak erakusten dituzte. Batzuetan, artxiboko irudiak eta egungo errealitatea alboz albo ipini dira, irudikatutako tokiak identifikatzen laguntzeko asmoz, baita inguruaren bilakaera ulertzen ere. Ancorakoek diotenez, “ez da hirian desagertutako ondarearen katalogo zehatz bat, hautaketa soil bat baizik, eskuragarri dagoen dokumentazioan oinarrituta”. Erakusketan berrehun eraikin ingururi buruzko informazioa ematen da hamalau auzotako 800 irudiren bitartez.
Tipologia arkitektonikoei dagokienez, “aniztasuna” aipatu dute: “era guztietako eraikinak bildu dira, erabileraren, estetikaren edo kronologiaren araberako inolako bereizkuntzarik gabe”: kasinoak, zinemak, frontoiak, bainuetxeak, etxe partikularrak, eraikin erlijiosoak… besteak beste.
Bestalde, hiriko ondarera hurbiltzeko beste modu bat proposatu nahi izan dute elkartekoek, parte-hartzaileagoa, hiriko eguneroko esperientziari eta bertakoen bizipenei lotutakoa. “Gure hiriak badu besteez bereizten duen ezaugarri bat: gure ondare historikoa, oro har, XIX. eta XX. mendeetako eraikuntzek osatzen dute gehien bat”.
Ancora 2013an herritarrek sortu zuten elkartea da, irabazi-asmorik gabekoa, ondarearen kontserbazioarekin arduratuta dauden hainbat lanbide eta adinetako gizon-emakumeek osatutakoa. “Hirigintzako ondarearen etengabeko galera pairatu dugu azken hamarkadetan. Joan den legealdian bakarrik hiriko 16 villa historiko desagertu ziren. Hori guztia landu da erakusketa honetan, non, Belle Époqueko topiko nostalgikoetatik ihesi, etorkizunean jarri baitugu begirada, asmo aldarrikatzaile batekin”.
Donostiako hirigintzako ondareari buruzko ezagutza hedatzea du helburu Ancorak eta hura modu eraginkorragoan babesteko beharrari buruzko eztabaida publikoa piztea.
Abuztuaren 24ra arte Okondo Kultur Etxean ikusgai egongo den erakusketa honek, bat egingo du Ancorak argitaratuko duen lanaren prestaketarekin. 300 orrialdetik gorako liburu bat izango da, dokumentazioaren ikerketa zabal batetik abiatuta eta ilustrazio ugari izango dituela iragarri du.