Julian Tellaetxe, Aurelio Arteta, Ricardo Baroja, Alejandro Tapia, Eduardo Txillida, Ascensio Martiarena, Carlos Marcote, Gaspar Montes eta Arturo Acebalenak dira obra horiek eta, orain arte, Garcia Ramos familiaren eskuetan egon dira.
Garcia Ramos familia donostiarrak bederatzi margolariren hamar artelan eman dizkio San Telmo Museoari dohaintzan. Zortzi olio, akuafuerte bat eta zeramikazko eskultura bat dira, Julian Tellaetxe, Aurelio Arteta, Ricardo Baroja, Alejandro Tapia, Eduardo Txillida, Ascensio Martiarena, Carlos Marcote, Gaspar Montes eta Arturo Acebalenak.
Egungo emaileen gurasoek urtetan zehar sortu zuten bildumaren zati bat da dohaintza. Gustuko zuten artea, ohikoak ziren erakusketetan, galerietan eta enkanteetan, eta harremanak zituzten sektoreko artista eta profesionalekin. Koadroak erosi eta saltzen zituzten, eta urteen poderioz familiaren bilduma handitzen joan zen. Gurasoak eta anaietako bat hil zirenean, bildumaren zati bat San Telmori ematea erabaki zuten.
Donostiako museoak, jasotako obren artean, hiru obra hautatu ditu dohaintzaren interes artistiko eta dokumentalaren erakusgarri gisa: Ricardo Barojaren La maestra de Oscoz, Aurelio Artetaren Recolección de manzanas eta Julian de Tellaetxeren Descargando en el puerto. Artetaren eta Tellaetxeren lanen kasuan, obrak erreferentziazko bi autorerenak dira, hala euskal artearen historian nola penintsulako artean. Beren obra museo aipagarrienetan eta bilduma korporatiboetan dago. Barojaren lanaren kasuan, bere kalitateaz gain, azpimarratzekoa da piezaren balio dokumentala, lantzen duen gaiarengatik.
Dohaintza gehiago
Museoetako bildumak handitzeko oso ohikoak dira norbanakoek, erakundeek, elkarteek… egindako dohaintzak. Pertsona horien eskuzabaltasunari esker, ondare artistiko, historiko eta kulturala ezin hobeto kontserba daiteke, dokumentatzeko, zabaltzeko eta gizarteari helarazteko.
Azken urteotan, San Telmok dohaintza ugari jaso ditu artearen eta dokumentazioaren esparruan.
Horien artean daude Sigfrido Koch Bengoetxearen eta Sigfrido Koch Arrutiren argazki funtsa, Antton Elizegi eta Fernando Postigoren argazki bildumak, Amable Ariasen Antzoki Zaharra akuarela saila, eta Remigio Mendiburu eta Rosa Valverderen obra grafikoa.
Era berean, Cristina Iglesiasek kobrearen gainean azidoarekin serigrafiatutako lau pieza eman zizkion udalari, museoaren bilduman sartu direnak, horiek ondo kontserbatu eta zabaltzeko. Santa Klara uhartean dagoen Hondalea instalazioarekin lotutako obrak dira.
Horiez gain, aipatzekoak dira beste dohaintza hauek ere: Altxerri eta Etxeberria arte galerien artxibo dokumentalak, Maya Agiriano arte historialariarena, Maria Paz Jimenez artistaren funts dokumentala, Juan Antonio Garcia Marcos arte kritikariaren erakusketa-liburuxken bilduma eta Vicente Cobreros Uranga Arrameleren artikulu bilduma. Horiei gehitu behar zaie Carmen Diaz Mintegi, Miren Garmendia Etxenike eta Begoña Gorospe Pascual ikertzaileek emandako feminismoari buruzko material dokumentala.
Dohaintza horiek guztiez gain, izaera heterogeneoko beste batzuk ere jaso ditu museoak azken urteotan, hala nola jantziak, osagarriak, etnografia piezak…