Iruñeko Arma aretoak Emakumeen genealogiak Pilar Citoler bilduma berrian izeneko erakusketa ireki du maiatzaren 17ra arte. Bertan, Aragoiko Pilar Citoler bildumagilearen artelanak ikus daitezke.
Emakumeen genealogiak Pilar Citoler bilduma berrian erakusketan hogei bat artistaren lanak daude dira ikusgai eta Aragoiko bildumazalearen bost hamarkada baino gehiagoko iruditeria artistikoaren berrirakurketa feminista proposatzen dute obrek. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “oro har, erakusketak hausnarketa bat proposatzen du: emakume bildumagile baten begiradak nola alda ditzakeen oraintsuko artearen kontakizunak, hala, bildumazaletasuna ez da soilik gustu eta jarrera gisa ulertzen, erresistentziarako, kanona berridazteko eta genealogia berriak baieztatzeko tresna gisa baizik”.
Ibilbide luzea duten artisten margolanen, eskulturen, argazkien eta ikus-entzunezko artetan barnako ibilbide artistiko bat proposatzen du erakusketak. Honako artista hauek parte hartu dute: AES+F Errusiako kolektiboa, Miguel Aguirre, Ana Laura Alaez, Carmen Calvo, Soledad Cordoba, Alberto Garcia – Alix, Cristina Garcia Rodero, Flor Garduno, Sanja Ivekovic, Concha Jerez, David Latorre, Ouka Leele, Antoni Miralda, Isabel Muñoz, Rosa Muñoz, Erica Nyholm, Jose Ortiz–Echagüe, Ixone Sadaba, Carlos Perez Siquier eta Miguel Angel Tornero.
Erakusketa, ikuspegi feminista ardatz hartuta, esperientzia garaikidea zeharkatzen duten hainbat gairen inguruan antolatzen da. Honako gaiak jorratzen dira, besteak beste: botere-diskurtsoen berrirakurketa, desberdinkeria, lurraldea, memoria, inklusioa, gorputza lurralde politiko gisa eta emakumeen borrokaren ondorio diren beste hainbat gai. Citolerrek bildutako lanetan, emakumeei buruzko hausnarketak eraldatzen dira, irudikapenetik kontzeptualera, erretratutik metaforara eta presentzia fisikotik keinu sinbolikora. Arte garaikidea gauzak eraldatzeko gai den mintzaira izateaz gain, adierazgarritasun- eta aldarrikapen-tresna ere bada, non estetikoa erresistentzia bihurtzen den.
Erakusketa zein bilduma ordain sinbolikorako gune bihurtzen dira. “Artearen sistema patriarkalak ezarritako mugei aurre egiten dieten emakume sortzaileen ahotsa da, emakume horien lanek gorputza, identitatea eta boterea irudikatzeko modu berriak zabaltzen baitituzte”.
Hamarkadetan zehar, Pilar Citolerrek bilduma bat osatu du. Honetan, emakume artistek toki nagusi bat dute, ez baitira salbuespenak, baizik eta diskurtsoaren ardatz nagusia. Bere begiradak zalantzan jarri ditu, modu organiko eta jarraian, emakumearen ekoizpena ikusezin bihurtu duten artearen hierarkia tradizionalak eta ohitura historiko baztertzaileak.