(argazkia: GFA)

Nuria Lopez, Kattalin eta Nenufarrak, Nhil eta Geminiss, besteak beste, Katapulta Tour programaren 12. edizioan

Hautatutako artistek lau emanaldi eskaintzeko aukera izango dute, promoziorako bideo bat grabatuko dute eta doan sartuko dira komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programa batean.

Gipuzkoako Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour programaren hamabigarren edizioa aurkeztu dute. Formatu txikiko musika-proiektuak eta arte eszenikoak babesteko programa da honakoa, eta 2026an zehar egingo da Gipuzkoan.

Aurtengo deialdian, 153 izen-emate izan dira guztira (128 musika-proiektu eta arte eszenikoetako 25 proiektu aurkeztu dira). Antolatzaileentzat, “horrek programak pizten duen interesa eta tokiko sortzaileentzat erreferente dela erakusten du”.

Hautatutako hamar proiektuak

Alor ezberdinetako profesionalek eta teknikariek osatutako epaimahaiak hautatu ditu hamar proiektuak: musika arloan Femm Vocal Jazz, Nhil, Geminiss, Del Val, Isora, Nuria Lopez Garcia, Kattalin eta Nenufarrak eta Argazki bat behelainoan, eta arte eszenikoetan Ander Sanchez eta Sorginduak, Teatro de Titeres.

Hautatutako artistek Gipuzkoako hainbat gune eta jaialditan lau emanaldi eskainiko dituzte, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Gainera, emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbi bat jasoko dute; promoziorako bideo bat grabatuko dute eta doan izango dute sarbidea komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programa batera, Musika Bulegoarekin lankidetzan.

Deialdi honetan, aurreko edizioetan bezala, nabarmentzekoa da aurkeztutako proiektuen jatorri-aniztasuna, eta horien artean nabarmena da hiriburutik harago dauden udalerrien presentzia, hala nola Arrasate, Beasain, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia, besteak beste. Era berean, nabarmentzekoak dira euskarazko proiektuak (96), 30 urtetik beherako kideak dituztenenak (84) eta emakumeen parte-hartzea dutenak (90).

Musika-proposamenek estilo-aniztasun zabal bat hartzen dute. Adibidez, rockaren mota desberdinetako proposamenak jaso dira, baita popekoak, bluesekoak, soulekoak, jazzekoak, folkekoak eta flamencokoak ere, besteak beste. Era berean, arte eszenikoek barne hartzen dituzte umorezko monologoak, antzerki-piezak, magia-ikuskizunak, marionetak eta formatu txikiko performanceak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna