Loraldiaren ikuskizun berri honetan Manex Pagola eta Aner Peritz musikariak, Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra eta Ekain Alegre bertsolariak eta Idoia Anzorandia gai-jartzailea ikusiko ditugu taula gainean. Aurkezpena martxaoren 10ean izango da, Bilbon.
Loraldia Festibalak 1TZ4L1 3T4 P1ZTU (Itzali eta piztu), bertsolaritza eta musika elektronikoa uztartzen dituen ikuskizuna, aurkeztuko du martxoaren 10ean, Bilboko Kafe Antzokian.
Loraldiak azaldu duenez, “Itzali eta Piztu planteamendu musikal berri bat da, zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritza elkarlanean jartzen dituena. Ikuskizunaren muina ez da musika jarri eta bertsoak botatzea soilik: bi aldeek elkarri erantzun behar diote, unean-unean: musikariek bertsolarien tonu, erritmo, denbora eta melodia propioetara moldatu behar dute musika; eta bertsolariek, aldi berean, oinarri musikal horren gainean sortu behar dituzte bat-batekoak”.
Hala, bertso-doinu berriak sortuko dira: abesti elektronikoak “bertsionatu”, eta reggaetona, reggaea, baladak, cumbia edo popa bertso bihurtuta. Era berean, beste norabide bat ere egiten da: bertso-doinu tradizionalak elektronikaren bidez bertsionatu eta erritmo berrietara ekarriko dira.
Taula gainean Manex Pagola eta Aner Peritz musikariak, Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra eta Ekain Alegre bertsolariak eta Idoia Anzorandia gai-jartzailea ikusiko ditugu.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “ikuskizun hau Loraldia Festibalaren logikan kokatzen da: euskarazko kulturaren adierazpide klasikoak (bertsolaritza) eta gaurko lengoaia artistikoak (elektronika, ahots-efektuak, formatu hibridoak) gurutzatu, publiko berriak erakartzeko eta sorkuntza garaikidea elikatzeko”.