(argazkia: Jorge Oteiza Fundazio Museoa)

Jorge Oteizaren pentsamenduaren irakurketa zabaltzeko programa abia da Iruñean

Hainbat sormen arlotatik datozen ahotsak baliatuz eta arte ekintza garaikide baten bidez, programak artistaren pentsamendua piztuko du orainari buruzko gune kritikoa izan dadin.

Jorge Oteizaren lanaren eta pentsamenduaren irakurketa zabaltzeko eta dibertsifikatzeko asmoz, Iruñeko Udalak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak Oteiza, ihes lerroak programa antolatu dute. Ekimenak artistaren ondarearen zeharkako ikuspegia du abiapuntu, solasean aritzeko literaturekin eta musikarekin, zinemarekin eta zientziarekin, bai eta matematikarekin ere.

Hainbat sormen arlotatik datozen ahotsak baliatuz eta arte ekintza garaikide baten bidez, programak haren pentsamendua piztuko du orainari buruzko gune kritikoa izan dadin.

Lankidetza hau Danok Oteiza proiektuaren barnean kokatzen da. Komunitate hori Fundazioak sustatua da, oriotarraren figura eta pentsamenduaren inguruan.

Martxoaren 4an, asteazkena, Oteizarekin jolasean hitzaldi-lantegia antolatu dute Capi Corralesen eskutik. Honetan, “Jorge Oteizaren piezekin jolastuko gara. Piezak eraiki eta desmuntatuko ditugu. Hori egitean, Oteiza geometria aztertzera eta geometria mota jakin bat aztertzera bultzatu zuten arazoen izaera ulertuko dugu”.

Martxoaren 18an, berriz, Elixabete Etxebestek Musika, eskultura, arkitektura… “dena da berbera”, Oteizak dixit hitzaldian parte hartuko du. 1958ko irailean, São Pauloko Bienalean eskultore onenaren saria jaso eta urtebetera, Oteizak esan zuen esperimentazioaren amaieran zegoela. Behaketa eta gogoeta aldia behar zuen, bere espazialismo hutsa artearen beste alor batzuetan aplikatzeko. “Gutxienez, bitxia zaigu ikustea, nazioartean egin zitzaion aitortzak goia jo zuenean, nola erabaki zuen jarraipenik ez ematea bere arte bilakaerari eskulturaren bidez. Haren ideiak, dena den, muga artistikoak disolbatzen dituen garaiaren espirituarekin daude lotuak”.

Programa Idoia Leache artistak Kondestableko patioan garatuko duen ekintza artistikoarekin osatuko da, dimentsio performatibo eta prozesuala programan txertatuz. Artista nafarraren esku-hartze artistiko hau martxoaren 11n egongo da ikusgai, egun osoan zehar.

Jarduera guztiak Iruñeko Kondestablen izango dira, arratsaldeko 19:00etan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna