9 eta 11 urte bitarteko gazteak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba) elkartuko dira; eta gainerako hiru txandakoak (12 eta 18 urte artekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa).
Bertsozale Elkarteak astelehenean, martxoak 2, irekiko du Bertso Udalekuetako izena emateko epea. Lehenengo epe horretan bertso-eskolako kide diren gazteentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat izango da aukera. Goizeko 11:00etan hasiko da izen-ematea eta Bertsozaleren webguneko online galdetegia betez egin beharko da. “Txandak izen-emate ordenaren arabera beteko dira”, beraz, etorri nahi izanez gero, lehenbailehen izena-emateko deia egin du elkarteak.
Lehen epealdia martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik (goizeko 11:00etan hasita) apirilaren 13ra bitartean.
Edozein zalantza edo galdera argitzeko (00) (34) 943 69 41 29 telefonora deitu ahal izango dute interesdunek edo aisialdia@bertsozale.eus helbidera idatzi.
Lau txanda, uztailean
Aurtengoan, bi lekutan elkartuko dira Bertso Udalekuetako gazteak: 9 eta 11 urte bitartekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12 eta 13, 14 eta 15 eta 16 eta 18 urte artekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak uztailean izango dira. Hementxe dago egonaldiei buruzko informazioa: eskuorria.