Emakumearen astea antolatu dute Larratxo eta Intxaurrondoko Kultur Etxeetan

Larratxo Kultur Etxean Emakumeen XLI. astearen ekitaldiak gaurtik ostegunera egingo dira, Helduaroa da adinik onena? Heldutasun eredu berriak eraikitzen lelopean. Intxaurrondon, berriz, 6tik 12ra eta emakumeak eta gerrak izango dituzte hizpide.

Donostiako Larratxo eta Intxaurrondoko Kultur Etxeek mimoz prestatu dute aurten ere emakumearen egunaren inguruko programazioa. Larratxo Kultur Etxean Emakumeen XLI. astearen ekitaldiak martxoaren 2aren eta 5aren artean egingo dira, Helduaroa da adinik onena? Heldutasun eredu berriak eraikitzen lelopean. Intxaurrondon, berriz, 6tik 12ra emakumeak eta gerrak izango dira hizpide, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkarteak osatutako programa aberatsean.

Larrotxoko asteari dagokionez, antzezlanak, pelikulak eta mahai-inguru bat antolatu dira, heldutasunaren gaiaren inguruan: heldutasuna al da adinik onena? Ostadar, Uztai Belar, Elkarte Berri eta Donostia Kulturaren artean antolatutako programak heldutasunaren eredu berriak eraikitzeko bide berriak topatu nahi ditu.

Bestetik, Gerrak, emakumeak historiarik gabe lerroburupean Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkarteak gerra testuinguruetan emakumeek bizi dituzten ankerkeria eta, askotan, ikusezin bilakatutako errealitateak agerian utziko dituzte astebetez.

Horretarako diziplina anitzetako programa osatu dute, martxoaren 6an hasita eta 12a bitartean, gai poliedriko honi begirada, errealitate eta diziplina artistiko ezberdinetatik heltzeko. Argazki erakusketa bat, musika emanaldi bat, Laura Sam eta Alaia Martinek beren-beregi sortutako bertso eta spoken word arteko elkarrizketa, film proiekzioa eta El Salvador, Gaza eta Kolonbiako hiru emakumeen arteko mahai-inguruak osatuko dute.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Emakumearen Astea, Intxaurrondo Berri emakumeen Elkartearen, Donostiako Lankidetza atalaren eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren fruitua da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna