(argazkia: AFA)

Gasteizko Fournier Karta Museoak ‘Musikarta Musika kartetan’ erakusketa eraman du Amurriora

Hainbat fabrikatzaile eta herrialdetako 60 karta sorta baino gehiago biltzen ditu, batez ere Europakoak, XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko aleekin. Ez dira jolaserako karta sortak soilik, formatu txikiko artelanak dira, eta haietan musika da protagonista. 

Bibat Museoak Musikarta. Musika kartetan erakusketa ibiltaria paratu du Amurrioko la Casona erakusketa aretoan, martxoaren 24ra arte.

Esposizioa Amurrion egongo da ikusgai, 2025ean Gasteizko Bibat museoan bertan aurkeztu ondoren. Hala, Araban zehar egingo duen ibilbideari ekin dio, Fournier Karta Museoaren bildumako karta sorta zainduak jendearengana hurbiltzeko.

Antolatzaileen esanetan, “erakusketak hainbat fabrikatzaile eta herrialdetako 60 karta sorta baino gehiago biltzen ditu –batez ere Europakoak–, XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko aleekin. Ez dira jolaserako karta sortak soilik, formatu txikiko benetako artelanak ere badira, eta haietan musika da protagonista nagusia”.

Azaldu dutenez, “hautatutako piezen bidez, erakusketak hainbat ikuspegitatik islatzen du kartetan musikak duen presentzia: musika tresnen eta sinboloen irudikapena, konpositoreen eta interpreteen erretratuak edo musika ikaskuntzarako hezkuntza baliabide gisa sortutako karta sortak”.

Ibilbide horretan, musika generoen eta estiloen berrikuntza islatzen duten XX. mendeko adibideak ere sartzen dira –jazzetik, rocketik eta popetik musika elektronikora edo hip-hopera–, baita musika gaia haur unibertsoarekin, ipuin tradizionaletako pertsonaiekin edo animazioan oinarritutako diseinuekin konbinatzen duten karta sortak ere.

Gainera, bisitariek karta batzuen musika entzun ahal izango dute Borreas Camara taldeak egindako grabazioen bidez.

Musikarta. Musika kartetan erakusketarekin batera, tailer bat antolatuko dute Amurrion, Udal Musika Eskolarekin lankidetzan, musikaren eta karten arteko harremana adin desberdinetako publikoengana modu parte-hartzailean hurbiltzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna