Verde Prato (argazkia: Loraldia)

Verde Pratok Loraldia Festibalerako propio sortu duen kontzertua emango du martxoaren 15ean, Bilbon

Musikari tolosarrak azken bi diskoetako abestiak eta Euskal Rock Erradikala etiketa daramaten hainbat kantaren aukeraketa berezia eramango ditu Guggenheim Museoko oholtzara.

“Verde Pratoren kontzertu honek Loraldia Festibalaren muineko ideia bat aktibatuko du: euskarazko sorkuntza garaikidea testuinguru berezietan kokatu, publikoari esperientzia bakarra eskaini, eta aldi berean, gure kantutegiaren memoria kolektiboa gaurko lengoaiekin berrirakurtzeko aukera ematea”, adierazi du Loraldia Festibaleko antolakuntzak. Emanaldia martxoaren 15ean izango da, goizeko 12:30ean, Guggenheim Museoaren.

Verde Prato izen artistikoaren atzean Ana Arsuaga dago, eta azken urteetan euskal musikaren esperimentazio-esparruan eta abangoardian erreferentzia bihurtu da, estetika minimalista eta giro hipnotikoetan eroso mugituz.

Musikari tolosarrak feminismoari kantatzen dio, askatasunari, bakardadeari, naturari… Bere kantek argi-ilunen arteko oreka bilatzen dute, “gozotasuna” eta “lasaitasuna” ere erdigunean jarriz. Hori guztia, batez ere Bizitza eztia azken lanean, nabarmena da.

Bizitza eztia eta Euskal Pop Erradikala

Bilboko jaialdirako prestatu duen kontzertuaren bereizgarrietako bat Euskal Rock Erradikala etiketa daramaten hainbat kantaren presentzia izango da. Verde Pratok berak miresten dituen 80ko hamarkadako abestiak dira: Hertzainak taldearen Pakean utzi arte eta Kortaturen Zu atrapatu arte, besteak beste.

Kanta horiek baina, bere unibertsora eramango ditu Arsuagak, eta ikuspegi berri eta femeninoago bat azaleratuko du. “Horrek entzuleari aukera emango dio belaunaldi baten erreferentziak beste emozio-erregistro batetik entzuteko, eta memoriaren gainean gaurko galderak egiteko”, azaldu du festibaleko antolakuntzak.

Verde Pratok azken urteetan ibilbide sendoa egin du: Adoretua (2023) eta Erromantizismoa (2024, Bronquiorekin) lanek bere ekoizpenaren dimentsio elektronikoa handitu dute; eta 2025ean, Bizitza eztia lanarekin beste jauzi bat eman zuen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna