Aurreko hiru lan instrumentaletan ez bezala, oraingo honetan beratarraren zenbait lagunen ahotsak entzun daitezke diskoak biltzen dituen bost kantetan.
Joseba Irazoki musikariak Gitarra onomatopeikoa serieari amaiera eman dio gaur kaleratu duen laugarren diskoarekin. Aurreko lan instrumentaletan ez bezala, oraingo honetan nafarraren zenbait lagunen ahotsak entzun daitezke diskoak biltzen dituen bost kantetan, zeinak bat-bateko konposizioz idatziak izan baitira.
Irazokik Eztegaran estudioan grabatu ditu abestiak Baga biga higa izenekoa izan ezik, hori Guillermo Mutiloarekin egin baitzuen Iruñean.
Repetidor argitaletxeak azaldu duenez, Laphane pieza sorgingarri eta minimalistak hasiera ematen dio lan berriari, zeinaren amaieran Ihitz Iriart aloztar kantariak Zuberoako bortüetako basahaire baten egokitzapena egiten baitu, alegia, artzainen arteko komunikazioa eta natura inspirazio iturritzat hartzen dituen tradiziozko kantu batena. Haren ondotik dator Lof kanta jostaria dago, “Verde Pratoren ahotsak emozioz deskribatzen du maitemintzearen lehen txinparta”. Pajarillo kantan, aldiz, “Carlos Jimenak hegazti baten hegaldia ikusarazten digu, Mikel Laboaren Lekeitioak klasikoaren moldaketa idiosinkratikoenetako batera iritsi aurretik”. Izan ere, Baga biga higa piezan, “jatorrizko kantatik abiatuz Irazokik sortu dituen ostinato monodiko eta arpegiatuen artean txertatu du Niño de Elchek bere ekarpenetako bakoitza, bere ahots indartsua sentikortasun handiz modulatzen duelarik”. EPa ixteko, Kapsula batean abestia dugu, “ziurrenik bost kantetatik sugestio eszeniko handiena duena, kapsula batean bizitzeak sorrarazten duen itolarria azaltzen baitigu bertan Elena Setienek”.
Diskoetxearen arabera, azken lan honekin Irazokin “berriz ere lortu du, bikaintasunez lortu ere, esperimentazioa eta tradizioa naturaltasunez batzea, bere sustraiak oroitarazten dituen nostalgia transmitituz, kantu tradizionalaren mugei desafio eginez eta denboraz kanpoko soinu bat ateraz”.